Ogi-Berrik ireki zuen 30. Lilatoia

Ataria 2019ko martxoaren 12a

Argazkia: Iñaki Agirre / Irutxuloko Hitza

Ainhoa Artolazabal eta Leire Olaberria arduradun dituen taldeak jaso zuen omenaldia igandean; haien atzetik, 6.225 emakume atera ziren lasterka.

Giro ederrean egin zuten igandean, Donostian, aurtengo Lilatoia. 30. ekitaldia zuen aurtengo lasterketak, eta, hori dela eta, lelo berezia eraman zuen: 30 urte berdintasunaren sustraiak sendotuz.

Inoiz baino parte hartzaile gehiago izan ziren lasterketan, orotara, 6.225 emakume eta beste hainbeste edo gehiago aritu ziren bide ertzetatik animatzen. 4,7 kilometroko ibilbidean, musika eta aldarrikapenak nagusitu ziren.

Igandean, Ogi-Berri Gipuzkoa txirrindulari taldekoek jaso zuen antolatzaileen aitortza. Ainhoa Artolazabal eta Leire Olaberria taldearen sustatzaileak bertan izan ziren eta txirrindulariek izan zuten aurtengo Lilatoia abiatzeko ohorea.

SARI BANAKETA

Bigarren urtez jarraian Lorea Ayala donostiarrak irabazi zuen igandeko Lilatoia, ibilbidea 17 minutuan osatuz.

Atzetik milaka emakume sartu ziren Boulevardeko helmugan, horietako asko Tolosaldeko korrikalariak.

Eguna borobiltzeko, sari banaketaren ondoren, 12:30etik aurrera, trikitilariek girotutako lilapotea egin zuten Donostiako kaleetan zehar.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!