M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2019

Aiztondoko emakumeak, zutik

Ataria 2019ko mar. 8a, 14:13

Villabonako Malkar plazan hasi eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan bukatu den manifestazioan, Aiztondoko ehunka emakume batu dira eguerdian.

"Heteropatriarkatu kapitalistari planto eginez, gaurkoan ere bizitza erdigunean jartzen ari gara", horrela adierazi dute amaierako ekitaldian Aiztondoko mugimendu feministako kideek. "Arrazakeriarik eta kolonialismorik gabeko bizitzak nahi ditugu", aldarrikatu dute. Euren ustetan inor ez da ilegala, eta horregatik, lege eta politika ez diskriminatzaileak exijitu dituzte gaur egindako manifestazioan, "eremu guztietan kolonialismoaren ondorioei aurre egiteko". Eskakizun zehatzak ere egin dituzte: "Osasun arreta eta hezkuntza sistemarako sarbidea erraztu, etxebizitza eskubidea babestu eta prestazio sozialak bermatu behar dira".

Ehunka emakume batu dira eguerdian eskakizun horiek guztiak egiteko Villabona eta Zizurkilgo kaleetan. Malkar plazan abiatu da manifestazioa eta pankartaren atzean, era guztietako aldarriak entzun ahal izan dira. Indarkeria matxistarik eta heteroaraurik gabeko bizitzak aldarrikatu dituzte Aiztondoko emakumeek. Arroa auzorako bidea hartu dute lehenik, eta Santiago egoitzaren parean geldialdi laburra egin nahi izan dute, greban dauden langileekiko errespetua eta elkartasuna erakutsiz.

Ekintza sinbolikoa Berdura plazan

Horren ondotik, Berdura plazan egin dute ekintza sinbolikoa. Kolore askotako hariz josita, sarbiderik gabe zegoen plaza eta emakumeek aipatu dutenez, "kendu, lapurtu, ukatu" dieten espazioa irudikatu nahi izan dute horrela. Elkarrekin planto egiteko deia luzatu diete gainerako emakumeei: "Zutitu, ahaldundu, saretu, erdigunera hurbildu eta zapalkuntza sinbolizatzen duten hariak hausteko gonbita luzatzen dizuegu. Guztioi dagokigun espazioa aldarrikatu eta berreskuratu dezagun". Era horretara, hariak apurtu eta plaza hartu dute Aiztondoko emakumeek.

Handik Ugare auzoan barrena, Zizurkilgo Joxe Arregi plazara gerturatu dira. Hango plaza ere okupatu dute eta eguerdiko mobilizazioari amaiera emateko ekitaldian emakumeek bizi duten egoera prekarioa salatu dute. "Guztiontzat bizita jasangarriak nahi ditugu eta bizitza mantentzeko erantzukizun kolektiboa exijitzen dugu. Bizizan erreprodukzio eta zaintzarekin loturiko lan guztiak historikoki dohainik atera zaizkio sistemari, gizon askoren mesederako eta emakumeon, bereziki, migranteon kalterako", esan dute.

Amasa-Villabona, Zizurkil, Larraul eta Adunako emakumeek bat egin dute eguerdiko mobilizazioan. Asteasukoek, beren aldetik, ekitaldia egin dute herrian eta gero batu dira Aiztondoko gainerako emakumeekin, Joxe Arregi plazan egin den bazkari autogestionatura. Bailarako emakume guztiek,  Donostiako arratsaldeko mobilizaziora joateko asmoa dute elkarrekin, Egiatik aterako den zutabean.

Euskal Herrian iaz eraildako 2 ume eta 9 emakumeak hartu nahi izan dituzte gogoan ekitaldiaren amaieran. Azkenak izan daitezela exijitu dute eta nabarmendu dutenez, emakumeek indarkeri matxista salatzen duten bakoitzean, eremu publiko zein pribatuan, sinisten ez dituen eta zalantzan jartzen dituen justizia, lege sistema eta botere publikoarekin borrokatu behar izaten dira. "Horren aurrean, autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu".

Zutik Emakumeak kantatuz amaitu dute eguerdiko manifestazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!