M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2019

Gertatu egingo gara

"Tolosaldeko Ataria"ko emakumeak 2019ko martxoaren 7a

Zaila da, gertatzea zer den definitzea. Gertatzea gertatzea da; segundo bakarreko kontua batzuetan, eta urte luzetako bidea, beste zenbaitetan.

Gauzak gerta daitezke norbere buruan, kale ertzean edo munduan; gu geu gara gertaera bat. Baina, gertatzea, badira beste gauza asko ere: gauza gehienak ez direlako gertatzen, giza-talde oso batek gertatutako horren berri izaten duen arte.

Eta, ez kontatzea ez existitzearen pareko denez, horretan dihardugu egunero: besteen bizipenak albiste bilakatzen; besteren ahotsari hitzak jartzen. Tabernariak, gazteak edo ikasleak. Puntako zientzialariak, edo pentsiodunen borrokan lehen lerroan ari direnak. Prostituta ohiak, edo euskaraz ikasten ari diren migratzaileak. Emakumeak. Eskualdeko emakumeen errealitateek ere idazten baitute, egunero, Tolosaldeko Ataria; eta, oraindik, asko dira idatzi gabe daudenak.

Horregatik, bihar, Atariako emakumeok ere bat egingo dugu gure hitzen ahotsa izan diren horiekin guztiekin; haiena ere badelako gure borroka. Bihar, ez dugu besteena kontatuko; bihar, gu izango gara albistearen zati. Guk ere eskatuko dugu zaintza zaintzea eta, oihukatuko dugu, ez dugula zenbaki huts izan nahi; kontagarri eta kontalari izan nahi dugula. Martxoaren 8aren ondoren ere kontatu nahi baitugu, greba egitea bera pribilegio hutsa dela emakume askorentzat. Eta, hori hala izanik ere, kontatu nahi genuke, 2019ko martxoaren 8an, mundua geratzea izan zela mundua eraldatzeko motorrik onena. Bihar, gertatu egingo gara.

Tolosan eta Alegian ez da banatuko 'Tolosaldeko Ataria'

Ataria-ren banaketaz arduratzen den Etxeraino enpresako emakumeek ere greba deialdiarekin bat egingo dute. Martxoaren 8an ez da Tolosaldeko Ataria-rik banatuko Tolosan eta Alegian. Atarikideek egunean bertan astekaria jasotzeko aukera izango dute Ataria-ren egoitzan, Tolosako San Esteban auzoko 20 zenbakian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!