Diru laguntzen eredu berria adostu dute

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 4a, 13:43

Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek eredu bateratua izango dute euskarazko komunikabideak babesteko. Denera 10,5 milioi euro jarriko dituzte, orain arte baino hiru milioi gehiago.

Publikoak ez diren hedabideetako arduradunek, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek sektorearen egonkortasuna bermatzea helburu duen diru laguntza eredu berria sinatu dute.

Donostian aurkeztu dute akordioa, Tabakaleran. Erakundeen izenean, bertan izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburua, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Diputazioko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Ana de Castro Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendaria eta Joseba Perez de Heredia Arabako Aldundiko Euskara zuzendaria. Hekimen elkartearen izenean, bertan izan dira Igor Astibia elkarteko arduraduna, Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria, Iban Arantzabal Tokikomeko zuzendaria eta Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria.

Igor Astibiak azaldu duenez, «gutxiagotutako hizkuntza ororen berreskurapen eta normalizaziorako komunikabideak estrategikoak dira. Halaxe nabarmentzen dute gaiaz dakiten erakunde, eragile zein adituek. Izan ere, hedabideak hizkuntza komunitatearen leihoak dira: hortik transmititzen da komunitatearen beraren errealitatea, eta bertatik jasotzen du komunitate horrek elkarren eta munduaren berri». Hekimen elkartearen garrantzia azpimarratzeko hainbat datu ere eman ditu: «Hekimenen baitan euskarazko 50 komunikabide baino gehiago biltzen gara, 133 komunikazio proiektu, sektoreko ia komunikabide guztiak».

Eskaerak
Agerraldian esan dutenez, urte hauetan guztietan sektoreak hainbat eskari luzatu dizkio bertako administrazioari, eta honek sektorearen zenbait eskari historiko aintzat hartu ditu: orain arte egindako lanaren balioespena; sektorearen beraren izaera estrategikoa aitortzea; euskal hedabideen sektorea egonkortzeko eta baldintzak duintzeko beharra; egonkortasuna bermatzeko baliabide gehiagoren beharra; eta kostuen azterketan oinarritutako diru laguntza eredu berria.

Orokorrean eta oraindik ere deialdiko hainbat artikulutan zehaztu beharreko zenbait puntu gelditzen diren arren, Hekimenen ustez Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek landutako diru laguntza eredu berri hori sektorearen egonkortasuna bermatzeko pauso garrantzitsua izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!