Saharari, elkartasuna

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko otsailaren 27a

Gaur arratsaldean, Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatuta, elkarretaratzea egin dute Triangulo plazan. Aurten, 43 urte bete dira Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zela.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak "oso presente" du saharar herriak bizi duen "ezohiko egoera". Izan ere, 1976ko otsailaren 27an, hiru eremutan zatitu zuten, eta oraindik, Sahara Marokotik askatzeko aldarrikatzen jarraitzen dute.

Gaur arratsaldeko elkarretaratzean, Saharar jatorriko eta eskualdeko dozenaka herritar bildu dira, Saharari elkartasuna adierazteko. Besteak beste, "Sahara, askatu!" eta "Maroko errudun, Espainia arduradun!". Agerraldian, gainera, 'Maroko, mendebaldeko Saharatik kanpora. Lurra eta erabakia' leloa zeraman pankarta izan dute eskuartean bertaratutakoek.

Bestetik, atzoko Tolosako Udalaren osoko bilkuran, udalak Tolosaldea Sahararekin elkarteak aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuen. Gaur, urteurrenarekin bat etorriz, egun osoan, udaletxeko balkoian Mendebaldeko Saharako bandera zintzilikatu dute.

Urte luzeko lana

2000. urtetik gaur arte Saharara begira jarrita ditu begiak Tolosaldea Sahararekin elkarteak. Hemeretzi urte dira elkartea sortu zela, "Saharar herriari laguntzeko helburuarekin".

Elkarteak urteak daramatza sahararrei elkartasuna adierazteko ekintzak aurrera eramaten. Horien artean, gaurko elkarretaratzea. Bestetik, Oporrak Bakean haurren harrera programa ere burutzen dute, eskualdeko zenbait herrietara haur eta gaztetxo ugari etortzen direlarik. Elkarteko kideek aipatu ohi duten moduan, "espero dugu hau izatea azken urtea".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!