[Babestutako edukia] «Etorkizunerako elkarlanaren oinarriak ezarri nahi ditugu»

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 26a, 11:00

'Makina bat taupada' lelopean Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaia egingo dute Errenterian, ekainaren 2an. Eskola publikoa euskal hezkuntza sistemaren ardatz egituratzailea izan behar dela aldarrikatuko dute.

Euskal eskola publikoaren jaia Errenterian izango da, ekainaren 2an. Jaiaren nondik norakoak ezagutzeko, antolatzaileengana hurbildu gara, Errenteriako ikastetxe publikoetako kideengana, hain zuzen.

Zergatik eskatu zenuten jaia antolatzea?

Aurtengoa jaiaren 28. urtea izango da, eta gaurdaino ez da inoiz egin Oarsoaldean. Hori kontuan hartuta, eta ikusirik guraso talde bat prest geundela erronkari heltzeko, une egokia iruditu zitzaigun eskaera egiteko. Sinetsita gaude jaiak eskualdean sare publikoa indartzeko balioko duela, eta horrek ere bultzatu gintuen erabakia hartzera.

Ekainaren 2az harago, hainbat jarduera egiten ari zarete, eta inguruko ikastetxeak inplikatzen. Zertan ari zarete zehazki?

Bai, hasieratik izan dugu argi inguruko ikastetxeak inplikatu behar genituela, gure helburuetako bat eskualdeko ikastetxe publikoen arteko harremana sendotzea baita, orain eta aurrerantzean elkarrekin lan egin ahal izateko.Eta erantzun ona jaso dugu, egia esan. Ikasturtea hasi zenetik hainbat jarduera egin ditugu elkarrekin, hala nola, ikastetxe publikoen topaketa, Oiartzungo Elizalde eskolan. Eta hemendik jai egunera bitarte ere baditugu aurreikusiak beste ekintza batzuk: martxoaren 30ean, adibidez, kultura aniztasunaren jaia egingo dugu ikastetxe guztietako familiekin. Horiek guztiek helburu argi bat dute: hobeto elkar ezagutzea eta etorkizunerako elkarlanaren oinarriak ezartzea.

Aurreratu dezakezue zer edo zer jai eguneko programaz? Nolakoan izango da?

Egitarau zabala izango da, eta era askotako ikuskizun nahiz jarduerak izango dira, txiki, gazte, zein helduentzako. Ibaian zehar egituratuta egongo da jaia, nagusiki, eta musika, antzerki eta tailer ugariz gozatu ahal izango dute joaten direnek. Etxeko txikienek gustuko dituzten hainbat talde izango ditugu, baina gurasoek ere izango dute zer ikusi, eta gazteentzat propio pentsatutako eremu bat ere egongo da, kale kirolak, grafitiak eta haiek atsegin dituzten beste hainbat jarduera bilduko dituena. Guztiok asetzeko moduko egitaraua izango dela aurreikusten dugu.

Nola animatuko zenukete jendea ekainaren 2an Errenteriara joateko?

Azpimarratu nahi genuke eskaintza askotarikoa izango dela, eta mundu guztiak izango duela ongi pasatzeko aukera, Errenterian jai egun politaz gozatzekoa. Bestalde, jaiak eskola publiko euskaldun, kalitatezko, inklusibo, ekitatibo, demokratiko, laiko, berritzaile eta solidarioaren aldeko aldarria egiten du, eta, horrek gizarte berdinzaleagoa, kohesionatuagoa eta euskaldunagoa bermatzen duela aintzat hartuta, gizarte osoa gonbidatu nahi dugu jaian parte hartzera. Izan ere,kalitatezko eskola publikoak gizarte osoari ekartzen dizkio onurak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!