2019ko Oporrak Bakean programaren bideoklipa aurkeztu dute

Irati Urdalleta 2019ko otsailaren 24a

Tolosaldeko familiak animatu nahi dituzte udan Saharako haurrak hartzera eta laster egongo da ikusgai sare sozialetan.

Udan Saharako haurrak hartzen dituzten familiaz bete da Topic aretoa, bertan aurkeztu baitute 2019ko Oporrak Bakean programaren bideoklipa. Programa honen bidez Saharako kanpamenduetako haurrek Euskal Herrian igarotzen dute uda.

LBV musika taldeak egindako bi familia izeneko bideoklip honekin erakutsi nahi izan dute haur horiek bi familia izaten dituztela, bat Saharan eta bestea Euskal Herrian. Bideoan ere haur euskaldun bat eta saharar bat dira protagonista eta nola ezagutzen diren eta agurtzen diren agertzen da baita Euskal Herrian udan bizitakoa ere.

Familia berrien beharra

Udan Saharako haur bat hartzea bizipen oso polita dela esan dute eta sortzen diren erlazioak bereziak direla. Herritarrak haur saharar gehiago hartzera ere animatu nahi dituzte: “Guztiek irabazten duten erlazio bat da”, diote antolatzaileek.

Oraindik herri sahararrak erreferendumaren zain jarraitzen duela ere salatu dute. Antolatzaileek diotenez, 2019ak izan beharko luke erreferendumaren urtea, herri sahararrak erabaki eta Mendebaldeko Saharara itzultzeko urtea.

 

 

 

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!