Iñaki Artolak galdu ondoren, Jokin Altuna izango da finalerdietan eskualdeko ordezkaria

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 23a, 20:10

Iñaki Artola ez da binakako txapelketaren finalerdietan egongo, Mariezkurrena II.a lagun, Labriten 22-21 galdu ondoren, Ezkurdia-Galartzaren aurka.

Dena eskura zuen Iñaki Artolak, Ataunen Irribarria-Zabaletak irabazi ondoren. Finalerdietan egoteko nahikoa zuten euren partida irabaztea Labriten. Baina presioak lotuta ibili da alegiarra, eta ezin izan du 22ra iritsi.

Binakako Txapelketaren lehen ligaxkako azken jardunaldia jokatzen ari dira asteburu honetan. Hiru partida erabakigarritatik bi gaur jokatu dira, Labriten eta Ataunen. Jokin Altunak bihar jokatuko du Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Alegiarra edo amezketarra, bietako batentzat bakarrik zegoen lekua finalerdietan. Biek irabaziz gero, Atauneko emaitzak erabakiko zukeen finalerdietako laugarren bikotea. Irribarria-Zabaletak irabaztea Artolarentzat onura; Victor-Albisu 22ra iristea Altuna III.aren alde.

Ataunen 22-18 irabazi dute Irribarria-Zabaletak, 11-17 galtzen joan ondoren. Emaitza hori Artola-Mariezkurrena II.aren aldekoa zen, lehen esan bezala, eskualdeko bi pilotariek irabaziz gero. Baina gauzak Labriten argitu dira, Ezkurdia-Galartzaren garaipenarekin. Kontuak horrela, Jokin Altunak bihar jokatu behar duen partidari itxaron gabe finalerdietarako txartela lortu du.

Finalerdietan egongo diren lau bikoteak:

1. Elezkano II-Rezusta

2. Irribarria-Zabaleta

3. Victor-Albisu

4. Altuna III-Martija

 

Iñaki Artola, partidaren amaieran:

"Ez nago batere gustura egindako partidarekin. Tantoa bukatzeko aukerak izan ditut, baina ez dut asmatu. Golpez ez nintzen gaizki ikusten, baina konfiantza falta izan zait tantoa amaitzeko. Partida erditik aurrera Jonek (Mariezkurrena II) asko jokatu du eta nik ez ditut aprobetxatu sortutako aukera horiek".

"Partiden hasierek asko esan nahi dute, ondoren konfiantzarekin ibiltzeko. Gaizki hasi naiz eta kosta egin zait buelta ematea. Saiatu naiz, azken aldean tantoren bat egin dut, baina ezin. Partidako azken tantoa izan da partidaren laburpena. Aukerak izan ditut baina ez dut asmatu behar bezala gurutzatzen".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!