Azken hilabeteetan eskualdean osasungintzak eman dituen berri guztiek zabalpen mediatiko bera izan ez dutela-eta, agerraldia egin du, gaur, Tolosaldeko EH Bilduk. Osasun kudeaketa publikoaren alde lan egiteko borondatea erakutsi nahi izan dute, TOPAk eta Eskualdeko Lan Mahaiak argitaratutako «datu esanguratsuak» kontuan hartuz.
Kritsina Pelaez Tolosako EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, «Osasun Sailak Asuncion Klinikarekin duen hitzarmenak, eskualdeko osasun gastuan urtean 10 milioi euroko murrizketa egitea ahalbidetzen dio, eta hori ez da aurreztea, zerbitzuaren kalitatea okertzea baizik». Itun horrek iraundako zazpi urteetako datuak «eskandaluzkoak» direla adierazi du.
Osasun arreta «pribatizatuta» egoteak dakartzan ondorioak «kaltegarriak» direla ere aipatu du. «Ez soilik zerbitzuaren eta arretaren kalitatean, baita langileen baldintzetan ere». Horren harira, gaur egun langileen ratioak txikiagoak direla ere gogorarazi nahi izan du: «Langileen heren bat gutxiago dago, eta lan kargak hazi dira; horrek arretaren kalitatean eragin du».
Gaurko prentsaurrekoan, gainera, udaletxeetako ateak «zabalik» dituztela jakinarazi nahi izan diete, EH Bilduko kideek, TOPAri eta Eskualdeko Lan Mahaiari. «Beharrezkoa ikusten dugu informazioa herritarrekin eta erabiltzaileekin partekatzea, guztiek horren berri izateko».
Kezka asko eta proposamen bat
Osasun Sailak urteetan Tolosaldean izan duen inbertsio ekonomiko faltaren datuak argitaratu direla-eta, «ospitale publiko bat ez duen eskualde bakarra» dela gogorarazteaz gain, Asuncion Klinikatik «arrapaladan» heldu diren berriak ere mintzagai izan dituzte. Batetik, Assumptio Proinnova fundazio berriaren sorrera; bestetik, datozen hiru urteetan egitekoak diren eraberritze lanak.
Pelaezek azaldu duenez, «kezkatuta» daude: «Irabazi asmorik gabeko fundazioa ez ote dute erabiliko, Invizaren irabazi asmoak zuritzeko». Bestetik, zalantza dute, «hiru urtetako zazpi milioi euroko berritze lanekin, Osakidetzak egin gabeko inbertsioak ezkutatu nahiko ote dituzten ala ez. Izan ere, berritze lan horiek datozen 25 urteetako klinikaren beharrak asetuko dituzte, eta horrek hainbat kezka sortzen dizkigu».
Inbertsio horrek langileen egoera «ez duela konpontzen» argudiatu nahi izan du EH Bilduk. Beraien ustez, egoera hau «luzaezina da, eta ez da eskualdeak behar duen proiektua». Kudeaketa publikoaren alde lanean jarraitu behar dutela nabarmendu dute, beharrezko baliabideak, eta langile eta erabiltzaileen eskubideak bermatuko dituen kalitatezko osasun arreta bat «beharrezkoa» ikusten dutelako.
Maiatzean aurkeztu zuten Tolosaldeko osasungintza publikorako proposamena, Asuncionen hiru adarriak (klinika, anbulantziak eta etxerako mediku eta erizainak) publiko egiteko eskatuz: «Ez gara horretan gelditu, eta lanean dihardugu, ekarpen berriek proposamena sakontzeko aukera eman baitute».