M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2019

Bizikleta martxa, M8ko greba feminista girotzeko

Ataria 2019ko otsailaren 15a

Iazko martxoaren 8ko irudia

Larunbat goizean bizikleta martxa egingo dute Alegiatik hasita; gainera, informazio mahaia jarriko dute Tolosan.

Tolosaldeko Asanblada Feminista buru belarri ari da lanean, Martxoaren 8ko greba feministari begira. Biharko, bizikleta martxa antolatu dute eskualdeko hainbat herri zeharkatuz, eta informazio mahaia jarriko dute, Tolosan.

Bizikleta martxa, 11:45ean, Alegiatik abiatuko da, eta 12:10ean Tolosako Zumardiaundira iritsiko da. Jarraian Anoetarako bidea hartuko dute, 12:40ean iritsiz. Handik, berriz, Tolosara itzuliko da martxa, 13:00etan Trianguloa plazan amaitzeko. Bertan, argazkia aterako dute.

Era berean, 11:30etik aurrera, informazio mahaia egongo da San Frantzisko elizaren atarian, grebari buruzko zalantzak argitu eta esku orriak banatzeko. Tolosaldeko Asanblada Feministaren zapiak eta besoko moreak eskuratzeko aukera ere izango da.

Komertzioei deia

TAFk merkatarien sektorearekin bereziki landu nahi izan du greba deialdia, eta Tolosa&Co elkarteari helarazi dio mezua. 24 orduko plantora gehitzeko deia egiten diete, komertzioa itxiz. 12:00etan mobilizazioa abiatuko da Triangulotik, eta mobilizazioarekin bat egitea nahi dute. Aukera horiek posible ez badira, 12:00etan komertzio kanpora ateratzeko eskaera luzatu diete, besoan zapi morea jarrita grebarekin elkartasuna adieraziz. Azkenik, langileak komertzioan Gune honek M8ko grebarekin bat dioen orria jartzera gonbidatzen dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!