Mundua aldatzeko tresnak

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ots. 15a, 12:58

Tolosako Jabetze Eskolak prest ditu martxoa eta ekaina bitarteko hitzorduak; gaurtik aurrera, kultur etxean, izena eman daiteke.

Jabetze eskola emakumeen jabetzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotzeko pentsatuta dago. Gizarte justu, anitz eta osoago bat lortzea du helburu. Esperientziak eta jabetzak partekatzeko helburuarekin, gorputzaz disfrutatzeaz gain, diskurtsoak, artea, kultura eta errebindikazioak garatzeko bide emango die emakumeei. «Mundua aldatzeko tresnak emango dizkion esperientzia bat izango da», diote Jabetze Eskolatik.

Dozena bat jarduera antolatu dituzte, batzuk berriak eta beste batzuk azken urteetan errepikatzen direnak. Jarduera hasi baino bi egun lehenago bukatuko da matrikula egiteko epea, eta izena ematerako orduan ordaindu beharko da. Informazioa eskuratu nahi duenak 943 67 03 83 telefono zenbakira hots egin dezake, edo berdintasuna@tolosa.eus helbide elektronikora mezu bat idatzi.

Aurreratu dute, doako haurtzaindegi zerbitzua egongo dela jarduerak irauten duen bitartean, baina aurretik izena eman, eta eskatu egin beharko da zerbitzua.

Feminismoa erdigunean

Nondik gatoz? Eta nora goaz? Feminismoa. Mugimendu Feministaren ibilbideak, Miren Aragunen eskutik izango da, eta mugimendu feministak Euskal Herrian egindako ibilbideetan arakatuko du, gaur egungo erronketan sartuz.

Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldean, euskarazko emakume idazleen lan garaikideak ikuspegi feminista batetik irakurtzeko tailerra izango da, eta Kattalin Minerrek gidatuko ditu saioak.

Aintzane Artola Santamariak bere esperientziatik emango du, Orbainak erakutsiz, estereotipoak hautsi hitzaldia: «Txikitatik erakutsi digute gure gabeziak eta akatsak estaltzen, eta kanon batzuen barruan sartzen gaituzte». Bularreko minbizia pasa du, «bular bat bakarrik edukitzea ezkutatzen duen gizarte honetan, orbaina bere horretan uztea lotsagabekeria da», dio. Mugimendu horri aurre egin, eta entzun nahi duenari bere esperientzia kontatuko dio. Zu zaindu, neure burua zaindu: nork bere burua ondo zaintzen eta maitatzen ikasi jarduera Kontxi Lopezen eskutik etorriko da, eta «sufrimendu emozionala gutxitzeko, eta emozio positiboak eta umore ona handitzeko» hainbat teknika eta baliabide emango ditu.

Menopausia eta hilekoa

Menopausia eta autoezagutza saioa eskainiko du Clara Wolframek. Kasik nabari ezina den gertaeraren inguruan, «norberak bere burua hobeto ezagutzeko eta maitatzeko unea izan daiteke», dio. Aldiz, Hile-topaketa saioa izango da maiatzaren 8an, Enara Iruretagoienaren eskutik: «Parte hartzaileekin dinamikak eta praktikoak diren tresnak partekatuko ditut, norberaren auto behaketa, ikuspuntu zikliko honetatik hasteko».

JARDUERAK

Nondik gatoz? Nora goaz? Feminismoa. Mugimendu Feministaren ibilbideak. Miren Aranguren. Euskaraz. Martxoak 21, apirilak 11, maiatzak 23 eta ekainak 13. 17:00-20:00. 5 euro.

Zoru pelbikoa lantzeko eta indartzeko tailerra. Saioa Hernandez, Isabel Relancio eta Aida Garcia. Gaztelaniaz. Martxoak 23, apirilak 6 eta maiatzak 11. 10:30-13:30. 5 euro.

Asertibitatea eta jabetze tailerra: komunikazio trebetasunak, berdintasunezko harremanak eta gatazken ebazpena. Pepa Bojo Ballester. Gaztelaniaz. Martxoak 25-ekainak 3, 10 saio, astelehenetan. 15:00-17:00. 10 euro.

Txalaparta ikastaroa. Olatz Garcia. Euskaraz. Apirilak 2, maiatzak 14, eta ekainak 11. 18:00-20:00. 5 euro.

Batukada feminista. Arantxa Vicedo eta Ainara Sarasketa. Euskaraz. Martxoak 26, apirilak 9, maiatzak 7 eta 21, eta ekainak 4. 18:30-20:30. 10 euro.

Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea. Kattalin Miner Perezekin, euskaraz. Apirilak 4, maiatzak 9 eta 30, eta ekainak 13. 18:00-20:00. 5 euro.

Orbainak erakutsiz, estereotipoak hautsi. Aintzane Artola Santamaria hizlaria, euskaraz. Apirilak 8. 18:00-20:00. Doan.

Munduko emakumeen literatura. Mertxe Tranche Iparragirre. Gaztelaniaz. Apirilak 10, maiatzak 8 eta ekainak 12. 18:00-20:00. 5 euro.

Menopausia eta autoezagutza. Clara Wolfram Perez. Gaztelaniaz. Maiatzak 6, 13, 20 eta 27,f eta ekainak 3. 18:00-20:00. 5 euro.

Zu zaindu, neure burua zaindu: nork bere burua ondo zaintzen eta maitatzen ikasi. Kontxi Lopez Soria. Gaztelaniaz. Maiatzak 9, 16, 23 eta 30, eta ekainak 6. 15:00-17:00. 5 euro.

Hile-topaketa. Enara Iruretagoiena Dominguez. Euskaraz. Maiatzak 8.

18:00-20:00. Doan.

Guretzako. Jatorri ezberdinetako emakumeentzako gunea. Saio informatiboak. Txelo Berra Mur. Martxoak 16, apirilak 13 eta ekainak 15. 10:00-12:00.

Oharra: Beharrezkoa da aldez aurretik denetarako izena ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!