Peña II.ak eskuetan dauka finalerdietarako txartela

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 12a, 09:09

Binakako promozio mailako esku pilota txapelketan, ligaxkako azken jardunaldia falta da jokatzeko. Eskualdeko hiru ordezkarietatik Jon Ander Peñak dauzka aurrera egiteko aukera gehien.

Jon Ander Peñak beste partidei begira egon beharrik ez dauka. Berea irabaziz gero, finalerdietan egongo litzateke. Beñat Urretabizkaia ikaztegietarrak, aldiz, Peña II.ak galtzea beharko luke aurrera egiteko, berea irabaztearekin batera. Erasunek ez dauka finalerdietara sailkatzeko aukerarik.

Eskualdeko hiru ordezkarien egoerak desberdinak dira binakako promozio txapelketan. Guztiek, ordea, asteburuan jokatuko dute ligaxkako zazpigarren eta azken partida. Lau bikotek egingo dute aurrera. Hiru finalerdi jokatu ondoren, lehen bi sailkatuek finala jokatuko dute martxoaren 31n.

Asteburuko partidak

 Jon Erasunek irekiko du asteburuko jardunaldia, Larrainzarren. Alberdi aurrean duela, zizurkildarrak Etxeberria-Garmendia bikotearen aurka jokatuko du. Jaialdia 22:00etan hasiko da eta ETB bertan izango da.

Jon Ander Peñak larunbatean jokatuko du Igorren, 18:00etan, Aranguren atzean duela. Tolosarraren aurkariak Elordi eta Etxeberria izango dira.

Beñat Urretabizkaiak igandean jokatuko du Tolosako Beotibarren. Jaialdia 17:00etan hasiko da. Ikaztegietarraren aurkariak Ugalde eta Jaunarena izango dira. Aurrean lagun zein izango duen oraindik ez du zehaztu Baiko pilota enpresak. Arteaga II.arekin jokatu du orain arte Urretabizkaia II.ak, baina aste honetan jakin da lasartearra Albisurekin ariko dela lehen mailan. Iganderako kartelean Arteaga II-Urretabizkaia II.a azaltzen dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!