Auzipetu katalanen aurkako epaiketa salatzeko elkarretaratzeak egingo dira eskualdean

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 11a, 12:58
2017an, Kataluniako atxiloketak salatzeko egindako elkarrteratzea, Amasa-Villabonan

Gure Esku Dagok deituta, elkarretaratzeak egingo dira, bihar, 19:00etan, Tolosan, Ibarran eta Zizurkilen, eta 19:30ean Anoetan. 

Bihar hasiko da Kataluniako politikari eta gizarte mugimenduetako buruzagi independentisten aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean. "Erabakitze eskubidearen aurkako epaiketa, herrien autodeterminazio eskubidea ukatu nahi duen epaiketa" izango da, Gure Esku Dagoren arabera. Horren aurrean, elkarretaratzeak egingo dituzte, bihar, eskualdeko hainbat herritan, besteak beste, Tolosan, Ibarran, Zizurkilen eta Anoetan. Lehen hiruretan 19:00etan izango dira, Anoetan, berriz, 19:30ean; Tolosan, Triangulon elkartuko dira, ibartarrek plazan egingo dute, Zizurkilen Joxe Arregi plazan elkartuko dira, eta Anoetan ere, herriko plaza beteko dute.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak ordezkaritza bat bidaliko du bihar Madrilera, "preso politikoei babesa adierazteko, eta bidegabekeria honen aurkako konpromisoa adierazteko, beste behin ere". GEDek pasa den astean egin zuen agerraldia Donostian, eta Jone Amonarriz dinamikako komunikazio arduradunak adierazi zuenez, epaiketa "denon kontua" da, eta "prozesu judizial honek oinarrizko eskubideak urratzen dituelako, eta beraz, guztion eskubide zibil eta politikoak daudelako jokoan". Agerraldi amaieran hiru aldarrikapen nagusi nabarmendu zituen: "Konponbidea, demokrazia eta askatasuna".

Biharko elkarretaratzeez gain, otsailaren 17an manifestazioa antolatu dute Donostian. Gros auzoko Katalunia plazatik abiatuko da, 12:00etan. Joango direnei jantzi, osagarri edota xingola horiak emateko deia egin diete, eta epaiketak irauten duen bitartean ere kolore horia nabarmentzeko gauza bera eskatu dute. Dinamikak berak euritakoak jarriko ditu eskuragarri manifestazio egunean ibilbidearen hasieran eta amaieran. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!