Artolak irabaziz gero, Altuna III.a kanpora eta alegiarra finalerdietara

Ataria 2019ko ots. 11a, 13:12

Altuna III.ak eta Artolak igandean jokatuko dute elkarren aurka, Tolosako Beotibar pilotalekuan, 17:00etan. Lehen mailako ligaxka amaitzeko bi jardunaldi besterik ez dira geratzen.

Binakako txapelketa estu jarri da. Finalerdietarako ligaxkan lau bikoterentzat bakarrik dago lekua, eta bi jardunaldiren faltan, Elezkano II-Ezkurdia bakarrik daude sailkatuta. Beste hiru posturen lehian bost bikote daude. Aurreko urteetan, zazpi garaipen lortu dituen bikotea finalerdietan izan da, baina aurten, zortzirekin kalean gera daitezke. Kasu hori emanez gero, txapelketatik kanpo geratuko den bikotea Artola-Mariezkurrena II.a izango litzateke. Hala eta guztiz ere, oraindik finalerdietara pasatzeko aukera euren eskuetan dute. Horretarako, igandeko partida irabaztea nahikoa izango lukete. Kasu horretan, nahiz eta jardunaldi bat falta, txapelketatik kanpo Jokin Altuna geratuko litzateke.

Zortzinako berdinketa

Lau bikote zortzi punturekin geratzeko, ondorengo emaitzak eman beharko lirateke:

  • 11. jardunaldian, asteburu honetan, Altuna III-Martijak Artola-Mariezkurrena II.ari irabaztea; Irribarria-Zabaletak Urrutikoetxea-Aretxabaletari irabaztea (galduz gero, azken partida irabaztea) eta Olaizola II-Albisuk Elezkano II-Rezustarekin galtzea (edo irabaziz gero azken partida galtzea).
  • 12. jardunaldian, azkenengoan, Artola-Mariezkurrenak Ezkurdia-Galartzari irabaztea; Altuna III-Martijak Bengoetxea VI-Imazi irabaztea eta Olaizola II-Albisuk Irribarria-Zabaletari irabaztea.

Emaitza horiekin, lehen aldiz, lau bikote zortzi punturekin izango lirateke lehen ligaxkaren amaieran. Sailkapena egiteko, elkarren arteko puntuak kontatu behar dira, eta hortik, ondorengo sailkapena ateratzen da:

  1. Olaizola II-Albisu 4 puntu
  2. Altuna III-Martija 3 puntu
  3. Irribarria-Zabaleta 3 puntu
  4. Artola-Mariezkurrena 2 puntu

Kiniela horiek, ordea, betetzetik oso urrun daude. Errealitateak beste zerbait erakusten du. Egun, sailkapen nagusian Artola-Mariezkurrena II.a hirugarren postuan daude zazpi punturekin. Asteburuan garaipen handia lortu zuten Arteaga-Albisuren aurka: 22-15. Azken hiru partidetatik, beraz, bi irabazi dituzte. Eta eurentzat garrantzitsuena, igande honetan irabaziz gero finalerdietan izango lirateke.

Jokin Altuna

Amezketarra sailkapenean bosgarren postuan dago, Martijarekin bikotea osatuz. Sei puntu dituzte Aspeko pilotariek. Bi jardunaldiren faltan, bi puntuak irabazi beharrean daude, zazpi garaipenekin txapelketatik kanpo baitaude. Lehen finala igande honetan jokatuko dute Tolosako Beotibar pilotalekuan, Artola-Mariezkurrena II.aren aurka.

Finalerdietako ordezkapenak

Finalerdietako ligaxkari begira, ordezkapenak zeresana ematen ari dira. Albisu sailkatuz gero, aurrelari finkorik gabe egongo litzateke, Olaizola II.aren lesioa medio. Araudiaren arabera, lehen ligaxkako enpresa bereko edozein aurrelarik jokatu ahalko du Albisurekin. Horrek Bengoetxea VI.ari eta Urrutikoetxeari Albisurekin jokatzeko aukera ematen diote. Baina Iñaki Artola berari ere, lehen aipatu zortzinako berdinketa suertatuz gero.

Imanol Artola 'Felix'-en analisia:

 

 

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!