Familiak behar dira udan saharar umeak hartzeko

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 8a, 12:57
Uda hemen pasa ostean, agur festa egiten diete saharar haurrei.

Oporrak Bakean kanpaina martxan jarri du Tolosaldea Sahararekin elkarteak, haur errefuxiatu sahararrek uda eskualdean pasa dezaten.

10 eta 12 urte bitarteko haur sahararrek bi hilabete Tolosaldean pasatzea da helburua, eta horretarako familiak behar dituzte.

Herri Sahararrak 40 urte baino gehiago daramatza errefuxiatu kanpamenduetan bizirauten. Munduko basamorturik idorrenetako batean bizi dira. Euskal Herrian egiten duten egonaldiarekin, umeak basamortuko baldintza gogorretatik urruntzen dira. Elikadura egokia jasotzen dute, azterketa medikuak egiten dituzte eta euskal kulturaren eta sahararren arteko lotura sustatzen dute. Elkartetik nabarmendu dute, Euskal Herrian egindako egonaldien ondoren, haur horiek bi familia dituztela, «bat Saharan eta bestea Euskal Herrian».

Kanpamendu horietan, 14 urtetik beherako 56.000 ume bizi dira. Horietatik %30ak hazkunde gabeziak dituzte, klima gogorra eta elikadura baldintza txarren ondorioz.

Proiektuan parte hartu edo informazioa jaso nahi duenak, oporrakbakean@gmail.com helbidera idatz dezake, edota 696 01 47 86 telefono zenbakia du eskura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!