M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2019

Planto, bizitzari begiratzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko ots. 9a, 08:59

Iazko arrakastaren ondotik, Tolosaldeko Asanblada Feminista ere hasia da, M8ko greba feminista prestatzen; plazaratu dute lehen egitaraua, eta astelehenean izango da hurrengo bilera irekia.

Kontaezinak dira, pertsonala politikoa da esaldia inon idatzi, argitaratu, grabatu nahiz errepikatutako aldiak. Kontaezina den neurri berean, hitz gutxian, filosofia oso baten leihoa zabaltzearen indarra. Historia datuek feminismoaren bigarren olatuari atxiki diote, honezkero eslogan bilakaturiko esaldia. Baina, hamarkadak hamarkada, haren asmoek bizirik jarraitzen dute feminismoaren muinean. Datorren martxoaren 8a ere greba feministak hartuko du, bigarrenez, eta, estreinako aldi arrakastatsutik, eskilara bat gehiago igo nahi du Euskal Herriko mugimendu feministak: 24 orduko grebara deitu dituzte emakumeak, bizitza erdigunean jartzea exijitzeko.

«Greba feminista bizitzako esparru guztietan koka daiteke, soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta zapalkuntzen aurrean. Iraultza feministak bizitza politizatzea exijitzen du (...) eta feminismoa ez da erosoa».

Tolosaldeko Asanblada Feministak ere ideia horiei heldu die, 28 herrietako emakumeen beharrak aldarrikatzeko. Hasiak dira lanean, eta aurkeztu dute egitarauaren lehen argazkia: bizikleta martxa, murala, informazio puntuak,... Datorren astelehenean egingo dute hurrengo bilera, 19:00etan, Tolosako kultur etxeko areto nagusian, eta eskualdeko emakume guztiak deitu dituzte hitzordura, M8ko marrazkia osatzen jarraitzeko. Bileraren aurretik, gainera, talde argazkia aterako dute.

Horrela, beraz, aurtengo grebak bost ardatz izango ditu: pentsiodunena, ikasleena, zaintzarena, enpleguarena eta kontsumoarena. Bizitza erdigunean jartzeko asmo horretan, dena den, zaintza lanei bereziki begiratuko die M8ak.

Gizarte osoak zaindu behar du

Lan ordainduen eta ez ordainduen arteko banaketatik, eremu publikoko eta eremu pribatuko lanak bereiztera eta, ondoren, lan jakin batzuk feminizatzera jo du gizarteak: diruaren truke egindako lanak produktibotzat jotzen dira eta, aldiz, emakumeek doan egiten dituztenak maitasunarekin, familiarekin eta erreprodukzioarekin lotzen dira gaur egun.

Aurtengo M8ak, besteak beste, eskema zurrun hori puskatu nahi du eta, ardura kolektiboa eskatu, herritar guzti-guztien bizitza sostengatzen duen lanari eusteko: «Emakumeen esplotazioari esker, lan horiek doan ateratzen zaizkio sistemari eta, zer esanik ez, arrazakeriarekin gurutzatzerakoan».

Horrela beraz, zaintzaren berrantolatze sozial bat eskatzen dihardu, honezkero, mugimendu feministak, berau datozen urteetako helbururik behinenetakoen artean ezarriz: «Zaintza izan dadila politika publikoen zeharkako ardatza (...). Instituzioek eta gizonek beren gain hartu behar dituzte dagozkien zaintzen ardurak. (...) Badakigu kapitalismoa ezin dela berregin, emakumeak azpiratu gabe; planto egiten badugu, dena gelditzen da. Beraz, horretarako goaz grebara».

Grebaren subjektuez

Mugimendu feministak M8ko grebaren subjektua argi zehaztu nahi izan du: heteropatriarkatuak zapaldutako guztiak, alegia, «emakumeak, bollerak eta transak». Bide horretan, grebako subjektu guztiek beren burua ez dute emakumetzat identifikatuko: «Iruditzen zaigu, emakume eta gizon kategoria patriarkalarekin amaitu beharra dagoela».

Ordea, grebaren bueltako deialdietan binomioa baliatuko dute, egungo zapalkuntza izendatzeko: «Emakume* hitza erabiltzen dugunean, heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuez ari gara».

Azkenik, gizonek greban hartu beharreko paperaz ere argibideak eskaini dituzte deitzaileek, esparruz esparru. Finean, gizonen lehentasuntzat jo dute zaintza lanez arduratzea, eta mobilizazioetan ez parte hartzea. Eta, mobilizazioetan parte hartuz gero, emakumeek protagonismo eta bisibilizazioari eustea eskatu die, mugimendu feministak, gizonei.

Deialdiaren inguruko informazio eta xehetasun guztiak eskura daitezke grebafeminista.wordpress.com atarian.

GREBA FEMINISTA ESKUALDEAN

Murala. Grebaren harira, Tolosan.

OTSAILAK 16, LARUNBATA

11:30-13:30. Informazio mahaia egongo da San Frantzisko elizaren atarian, grebari buruzko zalantzak argitu eta esku-orriak banatzeko. Tolosaldeko Asanblada Feministaren zapiak eta besoko moreak eskuratzeko aukera ere izango da.

11:45. Bizikleta martxa, Alegiatik abiatuta. 12:10ean Tolosako Zumardi Txikira iritsiko dira, eta 12:40ean Anoetara. Handik, Tolosara itzuliko da martxa, 13:00ean Trianguloa plazan amaitzeko. Argazkia aterako dute amaieran.

OTSAILAK 23, LARUNBATA

11:30-13:30. Informazio mahaia egongo da San Frantzisko elizaren atarian, grebari buruzko zalantzak argitu eta esku-orriak banatzeko. Tolosaldeko Asanblada Feministaren zapiak eta besoko moreak eskuratzeko aukera ere izango da.

MARTXOAK 8, OSTIRALA

Gauerdian. Greba feministaren hasiera irudikatzeko, martxa Tolosako Triangulotik. Aroztegieta kaletik barrena Euskal Herria plazara joango dira, eta handik Plaza Berrira. Bertan amaituko dute. Beltzez jantzita eta osagarri moreak soinean bertaratzera deitu dituzte emakumeak.

10:45. Kotxe karabanak elkartuko dira Usabalen, Tolosari buelta bat emateko. Hiru azpieskualdetatik abiatuko dira aurrez (Aiztondo-Anoetaldeatik, Ibarraldeatik eta Alegialdeatik).

12:00. Eskualdeko manifestazioa, Tolosako Trianguloa plazatik. Ibilbidea: Trianguloa, Korreo kalea, Gorriti plaza, Rondilla kalea, San Frantzisko pasealekua, Foruen etorbidea, Nafarroa etorbidea, Zumalakarregi pasealekua, Trianguloa plaza. * Ibarratik Tolosara giza-katea egingo dute, manifestazioaren aurretik. *Aiztondo bailaran azpieskualdeko mobilizazioa egingo dute.

14:00. Bazkari autogestionatua Zerkausian.

18:00. Sabel dantza emanaldia Tolosako Trianguloa plazan.

18:30. Clown saioa Trianguloa plazan.

19:00. Mobilizazioa Trianguloa plazatik abiatuta, Alde Zaharrean barrena.

Ondoren. Afari-merienda autogestionatua Zerkausian.

00:00. Greba feministaren amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!