Gazte topaketak egingo dituzte, asteburuan, Alegiako Gaztetxean

Irati Saizar Artola 2019ko ots. 7a, 12:58
Larunbatean, ebaluazio irizpideen borrokaren harira mahai ingurua egingo dute

Ostiraletik igandera bitarte, egitarau oparoa osatu du Tolosaldeko Gazte Mugimenduak; elkartasunean oinarritutako harremanak sortu nahi dituzte.

Gazteei eragiten dieten gaur egungo auziei erantzuteko beharrak batuko ditu, eskualdeko gaztetxe eta asanbladetako kideak, asteburuan, Alegiako Gaztetxean. Tolosaldeko Gazte Topaketak antolatu dituzte, ostiraletik igandera bitarte, Tolosaldeko Gazte Mugimenduko kideek.

Argi dute «gaur egungo ikasleen problematikaren erantzule nagusiena sistema kapitalista» dela. Eta, horri aurre egiteko, gaztetxe eta asanbladak «espazio eraginkorrak» dira, gazte mugimenduko kideen ustez. «Gune okupatu eta autogestionatuak beharrezko ditugu, langileon kontrolpeko guneak sortzeko; horrenbestez, beharrezkoa da gaztetxe zein asanblada guztien arteko komunikazioa eta aliantza». Elkarrengandik ikasi eta esperientzia eta kezkak konpartitzeko baliatuko dituzte, beraz, hiru egunak.

Sistema kapitalistaren aurrean eta, «batez ere, errepresioaren aurrean», beharrezko ikusten dute «erantzun kolektiboa» ematea eta, horretarako, bitartekoak sortzea: «Izan ere, langileok esplotazio eta zapalkuntza egoeretara bideratzen dituen gisara, sistemak bestelako mekanismoak martxan jartzen ditu subjektu debaluatuak gehiago zapaltzeko, hau da, emakume langileak».

Hezkuntza ere ez dute aipatu gabe utziko jardunaldietan: «Ikasle indibidualistak, lehiakorrak eta ez aktiboak nahi dituzte. Ikaslea bere ikasketa prozesuaren jabe izan beharrean, merkatuak hartzen du bere interesen protagonista. Bada, oker daude, ikaslea bera baita subjektu nagusia eta, dagoeneko, ikasle mugimendua aktibo dago».

EGITARAUA

Otsailak 8, ostirala

18:00. Topaketen irekiera, Alegiako gaztetxean.

20:30. Afaria.

22:00. Pelikula.

Otsailak 9, larunbata

9:00. Gosaria.

10:00. Antolakuntzaren inguruko eztabaida.

13:00. Bazkaria.

16:00. Hemendik aurrera zer?

Ondoren. Plenoa.

19:00. Mahai ingurua, TAS: Ikasleen intereseko ebaluazio irizpideen borroka.

21:00. Afaria.

22:30. Kontzertu akustikoa Katiluren eskutik.

Otsailak 10, igandea

9:00. Gosaria.

10:00. Lan taldeen bilkura.

12:00. Gipuzkoako gaztetxe eta gazte asanbladen topaketen aurkezpena.

Ondoren. Auzolana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!