Lauburu eta Laskorain, maila berean, helburu ezberdinak

Imanol Garcia Landa 2019ko ots. 6a, 22:00

Laskorain eta Lauburu Ibarra arteko lehen itzuliko derbia Tolosako Usabal kiroldegian jokatu zen.

Lauburu Ibarrak lehen postuetan amaitu nahi du liga, eta Tolosako Laskorainek maila mantendu nahi du.

Gizonezkoen areto futbolean bigarren B mailan bi talde daude eskualdean, Lauburu Ibarra eta Tolosako Laskorain. Lauburuk aurreneko postuetan bukatzea du helburu, eta Laskorainek lehenbailehen maila mantentzea.

Egun Lauburu sailkapenaren laugarren postuan dago, bigarrenarekin eta hirugarrenarekin berdinduta, eta lehen sailkatutik lau puntutara. Aitzol Oiarbide kapitainak azaldu duenez, «bagenekien denboraldi hasieran talde indartsua geneukala; azkenean aurreko urteko blokea mantentzen genuen, eta lehenengo itzulia bukatu ondoren, hor geunden, lehen hiru postuetan. Bigarren itzulia hasi dugu eta hiru berdinketa lortu ditugu, baina beste taldeak ere antzera joan dira, eta hor mantentzen gara».

Laskorain hamargarren postuan dago egun. Beñat Balerdi taldeko kapitainak azaldu duenez, «uste baino hobeto goaz. Denboraldi hasieran sinatuko genukeen gaur egun postu honetan joatea. Bagenekien mailaz igota salto handia zegoela. Lauburu dugu ondoan, eta partidak ikusita, eta aurretik maila honetan egon ginenez, ikusten genuen maila oso altua zela. Blokea mantendu dugu, eta ikusirik jendea gogoz eta ilusioarekin zegoela, espero genuen ahal den guztia ematea, baina ez postu horretan izatea».

AURRERA BEGIRA

Helburuei begiratuz, Lauburu Ibarrak lehen hiru postuetan geratu nahi du, eta ahala bada lehen postua eskuratu. «Orain sartu gara tramu garrantzitsu batean: bigarrenaren aurka jokatu berri dugu, asteburuan hirugarrenaren aurka dugu, gero lehenengoaren aurka, eta bi partida horiek baldintzatuko dute etorkizuna», esan du Oiarbidek. «Bi partida hauetatik ahal den ondoen atera nahi dugu, gero partidaz partida joan, eta ea lehen postuetan mantentzeko gai garen. Ea lehen hiru postuetan izateko aukera dugun eta, zergatik ez, lehenengoa lortu».

Sailkapeneko lehen postuak aukera ematen du mailaz igotzeko fasea jokatzeko, beste multzoko lehen sailkatuekin. Horrez gain, lehen hiru sailkatuek kopa jokatzeko aukera dute hurrengo denboraldian. «Iaz hirugarren geratu ginen, eta kopa jokatu ahal izan dugu. Guretzat ederra izan zen eta hori behintzat errepikatu nahiko genuke», esan du Oiarbidek. Aurreko postuetan geratzeko lau edo bost talde daudela dio Oiarbidek, eta akats gutxienak egiten dituenak eramango du txapelketa.

Laskorainen aurtengo helburua da «lehenbailehen maila salbatzea, gero gozatzen jarraitzeko», esan du Balerdik. «Horregatik denboraldi-aurrea oso indartsua egin genuen. Badakigu denboraldi bukaerara orain gauden maila fisikoan iristea zaila izango dela. Sailkapenean inguruan dauzkagun taldeekin partidak jokatuko ditugu orain, eta nik uste dut orain saiatu behar dugula ahal dugun guztia ematen».

Hamasei talde daude beraien multzoan, eta azken hiru taldeak jaisten dira mailaz. Laskorainek 22 puntu ditu eta azken hirugarrenak 9 puntu ditu. «Momentuz nahiko ondo goaz, baina orain ditugun partida horiek atera behar ditugu», esan du Balerdik. «Ikusi dugu gai garela edozein talderi irabazteko, baina partidatik ateratzen bagara, ez bagaude minutu guztiak kontzentratuta, azkeneko sailkatuaren aurka galdu dezakegu. Konturatu gara maila honetan akatsak garesti ordaintzen direla».

MAILA HANDIKO TXAPELKETA

Ligako azken partidan Lauburuk bigarren doan Tafatransen aurka bina egin zuen, Tafallan. 2-0 galtzen joan ziren Ibarrakoak, eta atezain jokalaria aterata, markagailuari buelta eman zioten. «Bagenekien puntuak lortzea zaila dela kantxa horretan», esan du Oiarbidek. «Azkenean sentsazio gazi-gozoak izan genituen. Hainbat aukera ez genituen sartu, baina ikusita 2-0 galtzen joan ginela, berdinketa ontzat ematen dugu».

Laskorainek 8-3 irabazi zuen Futsal Ibi taldearen aurka. «Beste partidetan baino gehiago asmatu genuela dirudi, baina hasiera ez zen erraza izan. Erritmo handia jarri zioten partidari, oso ondo mugitzen dute baloia, eta kostatu zitzaigun partida aurrera ateratzea», esan du Balerdik. «Partida guztian zehar egon ginen ehuneko ehunean, atera gabe partidatik, eta nik uste dut hori izan zela gakoa».

Hurrengo asteburuan Lauburuk hirugarren doan Pinseque taldearen aurka du partida, Belabietan. Laskorain Guadalajarara doa partida jokatzera, zortzigarren sailkatuaren aurka indarrak neurtzera.

Areto futboleko bigarren B maila estatuko hirugarrena da, beraz, maila handiko taldeak eta jokoa ikusi daitezke. Lauburu eta Laskorain taldeei Alacantera, Valentziara edo Segoviara joatea tokatzen zaie. Taldeentzat oso berezia da eskualdeko bi herri horrelako maila batean jokatzea. «Gure arteko partidetan dena ematen dugu kantxa barruan, baina gero, kantxatik kanpo, oso harreman ona dugu», esan dute bi kapitainek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!