Oinezko bideak lotuko ditu Alegia eta Altzo

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko otsailaren 6a

Alegia eta Altzo lotuko dituen oinezko bidearen lanak iazko urte amaieran hasi zituzten bi herrietako udalek. Altzoko Udalak proposatu zion bidea gauzatzearen ideia Alegiakoari, eta adostasunera iritsi ostean, hitzarmen bat sinatu zuten, eta bakoitzak bere zatia bideratu du.

Joseba Elduaien Altzoko alkateak argitu du, mugikortasunaren gaia lantzen ari direla udaletik, eta urteetan udal ordezkari ezberdinek izan duten ideia dela martxan jarria dutena. Bide honekin «autoa etxean uztera bultzatuko ditugu herritarrak, eta Altzotik Alegiako plazarainoko bidea errepiderik gurutzatu gabe egiteko moduan izango dira herritarrak», azaldu du. Herritar guztientzat, eta paseoan ibiltzen direnentzat ere «onuragarria» izango dela adierazi du.

Errepideko lanak Gabonen aurretik bideratu zituzten bi herrietan. Altzon, momentuz, ez dute asfaltatuko bidea, harri xehe edo hartxintxarrarekin utziko dute. Hesitu egingo dute, eta «etorkizunean argiteria jarri ahal izateko dena prest utziko dugu», gehitu du Elduaienek. Alegiaren kasuan, Beistin auzotik hilerrirainoko bide guztia prest dute asfaltoa bota eta argiteria jartzeko. Oraindik, ordea, zehazki ez dakite noiz hasiko diren lan horiek egiten. «Uda baino lehen bukatzea espero dugu», azaldu du Unai Iraolak.



Alegiak gutxi gorabehera 25.000 bat euroko aurrekontua izango du lanak egiteko, eta Altzoko Udalak, berriz, 20.000 euro inguru gastatuko ditu. Altzon, diru laguntzak eskatuta dituzte lanak gauzatzeko, eta Elduaienek aurreratu duenez, osasun alorretik laguntza txiki bat jasoa dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!