Koadroak, taumatropoak, tamaina handiko edalontziak eta katilu txikiak, bere platerean doazenak. Guztiak zeramikaz egindakoak dira eta marrazki ezberdinekin dekoratuak. Maria Altuna Lizarragak (Zizurkil, 1988) pieza horiek jarri ditu ikusgai, Villabonako Kale Nagusian dagoen Kaori Faktorian, apirilaren 1era arte. Artelan horiek eskuratu nahi dituenak salgai ere izango ditu dendan.
Sortze prozesurako elkarrekintza beharrezkoa duela dio Altuna Lizarragak. «Izugarri gustatzen zait jendearekin lan egitea eta nolabait nire pasio hori transmititzea. Niretzat emaitza ez da hain garrantzitsua, prozesuak egiten zaitu handiagoa eta erlaziorako bidea ematen dizu. Pieza hauek ere, zeramikazkoak dira, eta, aldi berean, erabilgarriak. Jendeari emandakoa bueltatzea da, modu batera». Kaorin ikusgai dauden piezak, erabat praktikoak direla aipatu du artista zizurkildarrak, «arazorik gabe, garbigailuetan edo mikro-uhin labean sartzeko balio dutenak».
Altuna Lizarragak aitortzen du jendeak berehala «kutsatzen» duela eta horregatik «modu organikoan» egiten duela lan, atera ahala proiektuei erantzunez. Jendearekiko tratu hori ahalbidetzen dio zeramikak baina baita ere, askotan falta zaion patxada. «Niri on egiten dit. Zeramikak bere denbora behar du eta derrigor errespetatu behar da. Pinturarekin arinago ibili zaitezke, baina pieza hauekin ez».
Hain zuzen, denbora eta kontsumoa ulertzeko moduan bat egiten du zizurkildarrak Kaori Faktoriako arduradunekin: «Uste dut beste modu batera funtzionatu eta gauzak erabiltzeko beste aukera bat eskaintzen duen espazioa dela hau. Ez du dena zertan erosi-erabili-bota izan behar. Prozesuak bere denbora eskatzen du eta errespetatu egin behar da». Eskertuta agertu da Altuna Lizarraga lan egiteko modu hori duten artistei leku bat eskaintzen zaielako Villabonako Kale Nagusiko txokoan.
BILBOKO SOLOKOETXE
Azkeneko urteetan Bilbon bizi da eta han du tailerra beste hainbat artistarekin batera, Santutxu auzoan. Norbere kobazuloan sartuta baino, beste artistekin partekatu eta proiektu berriak sortzea du gustuko eta horretarako aukera ematen dio tailerrak. «Zeramikagintzan aritzeko, adibidez, azpiegitura handia behar duzu eta horretarako aukera ematen digu tailerrak». Tornuan lan egiten hasi da orain zizurkildarra: «Batzuk gimnasiora joaten diren bezala, nik beharrezkoa dut tailerrera joan eta han aritzea».
Villabonako Kaori Faktorian erakutsi dituenak, ordea, molde batean egindako piezak dira. «Iaz, Napolesen izan nintzen Erasmus Plus programarekin eta handik plastikozko edalontzi txiki bat ekarri nuen. Moldea atera nion eta hortik hasi nintzen. Bidaia hartatik ekarritako zerbait izan da, beraz». Piezak dekoratzeko, Tangram izeneko teknika erabili du eta tenperatura altuetarako egokia den akuarelarekin aritu da. «Katiluetarako marrazkiak egiten hasi nintzenean, ikusi nuen koadroetan ere funtzionatzen zutela eta lan horietako batzuk ere ekarri ditut Villabonara». Horrekin batera, zinemagintzaren hastapenetan inspiratuta, taumatropo txikiak ere ikusgai ditu, hauek ere zeramikaz egindakoak. «Haurrekin tailerrak egin ditudanean, kartulina edo paperezkoak egin izan ditut, eta orain, zeramikarekin jolasak beste nortasun bat hartzen duela iruditu zait».
Mostra txiki bat baino ez da Villabonako Kale Nagusiko dendan ikusgai dena. Enkarguz ere, webgunearen bitartez, gisa honetako lanak egin izan ditu Altuna Lizarragak eta Kaori Faktoriara gerturatzen duenak berekin harremanetan jartzeko bideak topatuko ditu. «Pintura eta marrazkiak ezin ditut utzi, eta orain zeramikak harrapatu egin nau», dio artista zizurkildarrak. Bere pasioaz kutsatzeko aukera izango da, apirilaren 1era arte, Villabonan.