M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2019

Martxoaren 8rako eskualdeko plangintza zehazte bidean du LABek

Irati Saizar Artola 2019ko ots. 5a, 19:59

Sindikatuko eskualdeko emakumeek bilera egin zuten, ostiralean, greba feminista bitarte egingo diren ekimenak proposatu eta eguna bera antolatzeko.

Martxoaren 8ko greba feminista dela eta, eskualdeko plangintza osatzen hasi dira Tolosaldeko LAB sindikatuko emakumeak, Goierriko eta Buruntzako emakumeekin batera. Pasa den ostiralean bildu ziren LABeko ordezkari diren eta ez diren beste afiliatu batzuk ,Tolosako egoitzan.

Kapitala hautsi, bizitzari eutsi leloa baliatuko dute aurten greba feministarako. Eztizen Agirresarobe eskualdeko dinamizatzaile feministak azaldu zuenez, «ikusten dugu sistema kapitalistak zapaltzen gaituela egunero, zaintza lan horiek inposatzen dizkigu eta ez digu bizitza duin bat aurrera eramaten uzten, nahiz eta azkenaldian morez janzten ari den edo saiatzen ari den feminismoa modan dagoen. Horrekin hautsi eta bizitza erdigunean jartzeko hautatu dugu aurtengo leloa».

Talde ariketa batzuk egin zituzten grebara bitarte eskualdean egin nahi dituzten ekimenen inguruan hitz egiteko. LABeko eskualdeko arduraduna den Haizea Mendiak azaldu zuen «ideia zaparrada» jaso zutela. Ideia horiek greba egunera bitarte egutegian kokatu eta aurrera eramango dituzte.

GIZONEZKOEN PAPERA

Martxoaren 8ko grebara emakumeak daudela deituta azpimarratu dute: «Horrek ez du esan nahi gizonezkoek ez dutela paper garrantzitsu bat jokatzeko greba aurretik eta greba egunean bertan ere. Baina guk uste dugu zapalkuntza egoera hau emakumeok pairatzen dugula, guri dagokigula protagonismoa, guri dagokigula gure aldarrikapenak zein diren mahai gainean jartzea eta horien borroka eta defentsa egitea». Sindikatuko kideek esan zuten gizonezkoek urte osoa dutela gizarte bezala mobilizatzeko eta borrokatzeko, baina, emakumeen eguna martxoaren 8a dela eta ondorioz, gizonen papera zein izango den zehaztu zuten: «Gizonezkoekin elkarlana egingo dugu, izan ere urrats asko eman ahal dituzte. Egun horretan emakumeak gelditzen bagara, gizarte erdia gelditzen bagara, hor sortzen diren hutsune horiei aurre egin eta horretan zentratzea tokatuko zaie. Beraiei egokituko zaie zaintza kolektiboa antolatzea, beraiei dagokie enpresetan emakumeak babestea eta greba aurrera ateratzen antolatzen laguntzea».

Otsailaren 21ean, soldata arrakalaren aurkako egunean, ekimenak antolatuko ditu mugimendu feministak eskualdean. Oraindik zehaztu gabe daude eta data gerturatu ahala emango dute horren berri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!