Eskualdeko eskiatzaileen emaitza bikainak Euskadiko Txapelketan

Ataria 2019ko otsailaren 1a

U16 mailako podiuma Alpino Uzturrre elkarteko eskiatzaileek eskuratu dute.

Emaitza bikainak lortu dituzte Alpino Uzturreko eskiatzaileek iraupen eskiko Euskadiko Txapelketan, aurreko asteburuan. Larunbatean estilo librean, eta igandean estilo klasikoan aritu ziren, eta bi egunetan irabazle suertatu ziren, Mikel Plazas U20 mailan, Ainara Lakuntza U18an eta Olaia Plazas U16an.

Gainera, U16an podium osoa elkartekoek osatu zuten, Alaia Juaristi bigarren eta Berenize Lavin hirugarren izan baitziren. Bestalde, U18an Irene Amantegi hirugarren izan zen, eta postu oso onak lortu zituzten Laia Arakamak, Naroa Amantegik eta Uxue Garinek.

Denboraldi hasieran elurrik ez dute izan, eta urrutira joan behar izan dute entrenatzera, Tuixentera (Lleida) eta Benasquera, hain zuzen. Lehiaketetan parte hartzeko aukera izanik, urtarrilaren 13an Guerrers del Nordic (Tuixent) proban izan ziren elkartekoak, eta kadete mailakoak Skiri Trophyn (Val de Fiemme, Italia) parte hartu zuten, urtarrilaren 20an. Bestalde, Mikel Plazasek Europan zehar lehiatzeko aukera ere izan du, Santa Caterinan (Italia), Campran (Suitza) eta Valdidentron (Italia).

Bere aldetik, Imanol Rojo nazioarteko egutegia betetzen ari da: Munduko Kopako probak Lillehammer eta Beitostolenen (Norvegia) eta Davosen (Suitza); FIS mailako probak Brukasvallaman (Suedia), Valdidentron (Italia), Villachen (Austria) eta Nove Meston (Txekia); eta, 60 kilometro estilo librean, Obertilliachen (Austria). Helburu nagusia otsailaren amaierako munduko txapelketak dira.

Azken bolada honetan, Norvegian askotan egon da Rojo, bertako eskiatzaile batzuekin harreman oso ona duelako, eta Tolosako enbaxadore izan da Gjovik herrian, Mustad enpresak egoitza nagusia duen herrian. Enpresa horrek 1907 urtean fabrika bat ireki zuen Tolosan, eta baita eskiaren zaletasuna zabaldu ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!