Makilak astintzeko prest

Irati Saizar Artola 2019ko ots. 1a, 19:58

Santa Ageda egunaren bezperan, astelehenean, eskualdeko hainbat herritan abestera aterako dira.

Santa Ageda bezperan, astelehenean, Tolosaldeko herri batean baino gehiagotan ahotsak berotu, makilak hartu eta santa eskean aterako dira. Berastegin, ordea, bihar egingo dute.

Agata Cataniakoaren omenez ospatzen da eguna eta, bertso eta koplak kantatzeaz gain, tradizioa da makilarekin, kantatu bitartean, lurra jotzea. Zenbaiten esanetan, neguko solstizioaren ondoren, lurra esnatzeko kolpatzen da lurra.

Eguna iritsi baino lehenago, entseguak egiteko aprobetxatu dute batzuek. Ibarran, Alegian eta Ikaztegietan dagoeneko egin dituzte, eta bihar egingo dute Amasa Villabonan, Eresargi abesbatzakoek deituta, 10:00etan, kultur etxean.

Bezperara arte itxaron gabe aterako dira eskean Berastegin, bihar egingo baitute, egun guztian zehar. Aurten, estreinakoz, Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak antolatu du. Izan ere, lehenago herriko beste talde batzuk egin izan dute santa eskea, baina ez dute ohitura guztiz berritzerik lortu. Beraz, Harituzek eskualdeko bertsozale guztiak gonbidatu nahi ditu ohitura zaharra berritzera. Antolatzaileen esanetan, «helburua festa giroan ohiturari eusten jarraitzeaz gain, helduen bertso-eskoletako jendeari plazarako aukera bat ematea ere bada». Hori horrela, animatzen diren guztiek izango dute koplari aritzeko aukera. Eguna aurreratzeak ere badu bere arrazoia: «Aurten Santa Ageda bezpera astelehenean tokatzen denez, ahalik eta jende gehien biltzeko helburuarekin larunbatean izango da ekimena». Eskean lortutako dirua eskualdean Harituzek antolatzen dituen gainerako egitasmoetarako erabiliko dute. 10:00etan elkartuko dira, herriko plazan, eta goizeko errondari hasiera emango diote. Elizalde eta Izotzalde auzoetan barrena ibiliko dira. Eguerdian bazkaltzeko tartea hartuko dute, eta 16:00etan ekingo diote, berriro, errondari; Eguzkialde auzoan baserriz baserri kantatuko dute.

Gainerako herrietan, astelehenerako egin dute hitzordua; besteak beste, Berrobi, Ibarra, Tolosa, Alegia, Altzo, Ikaztegieta, Albiztur, Bidania-Goiatz, Anoeta, Aduna, Amasa-Villabona, Zizurkil eta Asteasun egingo dituzte santa eskeak.

Herri batean baino gehiagotan talde bat baino gehiago aterako dira eskean. Ibarran, alde batetik, Uzturpe ikastolakoak aterako dira bazkal ostean, eta Hauspoa elkartetik iluntzerako egin dute hitzordua; Izaskun auzoko baserriak pasatuko dituzte. Anoetan ere, batetik, Herri Ikastolakoak arituko dira eta, bestetik, Kukuak Kantuz taldekoek baserri eta herri inguruak kantuz alaituko dituzte. Zizurkilen, berriz, Pedro Mari Otaño ikastetxeko ikasle zein gurasoak eguerdian aterako dira, eta San Millan ikastetxekoek 17:00etan jarri dute ordua. Azken horiek, Buztinbailarako etxeetan abestu ondoren, Plaza Etxeberrin afalduko dute. Berrobin ere santa eskean aritu eta gero, bildutako dirua afaltzeko ogitartekoetarako aprobetxatuko dute.

Eske berezia

Aurten, santa eske berezia antolatu dute Asteasun. Pello Errotaren heriotzaren mendeurrena dela eta, lehen ekitaldia izango da astelehenekoa.

16:00etan Usarrabi abesbatza hasiko da eskean, Elizmendi eta Behebailaran. Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Aitor Sarriegi eta Haritz Mujika bertsolariak arituko dira koplatan, eta laguntzaile izango dituzte Usarrabikoak eta Juan Tapiaren ikasle trikitilariak. 17:00etan plazan elkartu eta bizpahiru taldetan banatuko dira. Horrela, ia baserri guztietara iristeko aukera izango dute. Bestalde, Pello Errotako ikasleek beste auzo batean abestuko dute, eta 19:00etan Aitzondo elkartean bilduko dira guztiak, herrigunea tabernaz taberna zeharkatzeko.

Gainerako herrietako egitarau eta ordutegiak agendan kontsulta daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!