Tximiniak, urtero garbitu beharrekoak

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ots. 1a, 12:59

Ez da ohiko lanbidea tximinia garbitzailearena, baina gero eta gehiago dira. Urte sasoi honetan hau da, neguan, oroitzen da herritarra etxeko tximiniaz. Suteen albisteek ere, tximiniak garbitu egin behar direla gogorarazten dute.

Joxe Mari Albisu lazkaotarra krisiak eraman zuen lanbide horri ekitera. «Eraikuntzan krisia sartu zenean, beste irtenbide bat bilatu behar izan nuen, eta horrela hasi nintzen, duela zortzi urte». Gero eta lan gehiago dagoela dio: «Garai batean baserritarrek beraiek egiten zuten lan hori, baina orain gero eta gehiago dira zerbitzua eskatzen dutenak».

Tximiniak garbi mantentzeko sekretuetako bat, erretzen den egurra lehorra izatea da: «Gakoa egurra lehorra izatea izango da eta, gero, egur klaseak ere badaude; gehiago irauten dutenak edo azkarrago erretzen direnak». Instalazioa bera ere egokia izatea garrantzitsua da, hau da, «ondo diseinatuta izatea, kurbatu edo bihurgunerik gabea».

Urteroko albisteak dira eta, aurten ere, urte hasierarekin batera Ibarran etxe batek su hartu zuen, teilatu guztia errez. Aste honetan bertan, Elduaingo etxe bateko tximiniak ere su hartu du. «Garrantzitsua instalazioak ondo egotea da, eta mantentze lanak egitea ere beharrezkoa da», argitu du Albisuk. Gomendioen artean, urtero tximinia garbitzearena legoke, baina «tximinia batzuk oso ondo erretzen dute, eta urte askoan ez dute arazorik ematen», dio. Eta beste batzuen kasuan, berriz, «edo ez dute ondo erretzen edota ez zaie behar bezalako traturik ematen», gaineratu du. Horrek arazoa ekar dezake: «Erretze txarra dagoenean, tximinia zikindu egiten da, eta horrek su hartzeko arriskua sortzen du».

Instalazioak begiratu egiten ditu Albisuk, eta «nolabaiteko kalkulu bat» egiten du: «Hainbeste urtean tximiniak ondo erre badu, agian lau urtez lasai egon daiteke etxe jabea. Baina, gomendagarriena garbiketa urtero egitea da».

Uda izango litzateke tximinien garbiketak egiteko garairik aproposena, baina, azaldu du, jendea iraila ostean hasten dela deika: «Neguan denak, zalapartaka, deika izaten dira, eta orain baino hobea da, eguraldi lehorrarekin garbitzea».

Batik bat etxe zaharrak badira, mantentze lanak egitea ezinbestekoa dela dio, arriskuak ekiditeko. «Kasu horretan merkeago ateratzen da; azkarrago lan egiten dugu, eta errazago. Horrela ezean, arazoak sortzen dira, eta konponketa handiak egin behar izaten dira askotan». Egurrarekin edo pelletarekin erabiltzen diren tximiniak, edo gasoilarenak ere garbitu behar izaten dituzte. Berez, errautsa uzten duten egurrezko tximiniak garbitzen dituzte gehien.

Dena den, tximinia guztiak garbitzen dituzte, eta kamera bat ere erabiltzen dute, barrutik nola dauden ikusteko.

NOIZ DAGO TXIMINIA ZIKINA

«Su baxuaren kristala ohi baino azkarrago zikintzen denean, tximinia zikina dagoen seinale izan daiteke. Eta baita sugar gutxi ateratzen duenean ere, suak gora tira ezin duenean. Tximiniak barrutik su hartzen badu ere, ohikoena tximinia buxatu edota trabatzea izaten da, eta ez du tiratzen», azaldu du Albisuk.

Albisuren esanetan, «tximinia urtero-urtero garbitzen duen jendea badago, batik bat, haurtzarotik hasita, sustoak izan dituztelako». Beste jende askok, arazoren bat duenean deitzen du. «Tximiniaren barruan gauza asko gertatzen dira, eta ez dira ikusten kanpotik» dio eta, gaineratu du, «ohikoena egunkarietan suhiltzaileak azaltzen direnean albistea ematea» dela, baina «tximiniak barrutik hamarnaka» erretzen direla.

Frantziako adibidea ekarri du gogora: «Frantzian urtero garbitzen dituzte tximiniak, gainerakoan, ezer gertatuz gero, aseguru etxeak ez baitira kargu egiten. Eta hemen ere bide horretara goaz».

Nafarroako Urdiain herriko adibidea ere jarri du: «Bertan urtean behin edo bitan bandoa jotzen zuten, herritarrek tximiniak garbi zitzaten». Orain eraikuntza seguruagoak eraikitzen dira, baina gogoan du, duela urte asko baserri asko erretzen zirela.

Garbi utzi du, kotxeei edota gure hortzei egiten diegun moduan, tximiniei ere azterketa egin behar zaiela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!