TAKEk ligako sailkapenean gora egitea du helburu

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 31a, 12:58
TAKE elkarteko lehen taldeko jokalariak eta entrenatzaileak.

Bigarren itzulia hasi berritan, saskibaloiko emakumezkoen lehen taldea zortzigarren postuan da.

TAKE saskibaloi klubeko emakumezkoen lehen taldeak hamabi jardunaldi jokatu ditu ligan dagoeneko; erdiak baino bat gehiago. Zortzigarren postuan daude, lau partida irabazi eta zortzi galdu ondoren. «Helburu nagusia lehen zortzi postuetan ibiltzea da», esan du Alain Rekondo entrenatzaileak: «Aurreko urtean bosgarren bukatu genuen liga, eta nahia beti izaten da goitik ibiltzea». Rekondok gaineratu du, bazekitela aurtengo denboraldia ez zela erraza izango: «Baja batzuk izan ditugu, eta esango nuke ligako maila, orokorrean, igo egin dela. Ez nuke esango emaitza oso txarrak izan direnik, baina gure nahia pixka bat gorago ibiltzea da».

Nerea Elosegi kapitainak, Rekondoren hitzei jarraipena emanez, gogora ekarri du aurreko denboraldian hamabost fitxa zituztela, eta oraingoan hamar: «Nire ustez trantsizio momentu batean egon gara, lehenengo hilabete hauetan. Kostatu egin zaigu horretara egokitzea eta, onartzea, pertsona gutxiago gaudela, eta horrek ere jokoa aldatu egiten duela». Bestalde, joan den asteburuan jokatutako partida aipatu du: «Aldaketa eta hobekuntza handia ikusi dugu, eta ari gara, gutxika, gure artean jokoa zein den ikusten. Hemendik aurrera gora egitea da asmoa».

Asteburuan jokatutakoa partida «polita» izan zela esan du Rekondok: «Galdu egin genuen, 49-51, eta egia da esperotakoa zela galtzea, aurkaria bigarren doan Ostadar talde indartsua zelako. Baina, partida nola joan zen ikusita, pena izan zen galtzea. Oso berdinduta joan zen, eta gure maila onenetakoa erakutsi genuen». Jokoaren aldetik, entrenatzaileak gaineratu du, helburua asteburuan erakutsitako maila izatea dela. Elosegik gehitu duenez, talde bezala denek nahiko «harro» bukatu zuten: «Azken finean, talde bezala jokatu genuen, eta emaitza polita ikusi genuen. Gero taldeko afaria egin genuen, eta horrek ere laguntzen dio barruko giroari».

KANPORAKETA JOKATZEA

Denboraldi hasieran helburu nagusia talde jokoa finkatzea izaten dela dio Rekondok eta, denboraldia aurrea doan heinean, «hobetzea». Emaitzak beti hortik etortzen direla gaineratu du: «Entrenatzaileok komentatu genuen lehenengo zortzi taldeen artean sailkatzea izango zela helburu nagusia. Lehenengo zortzi postuek ematen dute aukera, igoerako kanporaketa jokatzeko. Justu-justu, baina hori betetzean ari gara».

Bere aldetik, Elosegik baikor begiratzen dio datorrenari: «Lehenengo itzulian partida askotan hor egon gara lehian, eta galdu egin ditugu tarte gutxirengatik. Bigarren itzulian partida horiek atera egin behar ditugu, eta, joan den asteburuan ikusitakoarekin, nik uste dut atera egingo ditugula, eta zortzigarren postua baino gorago geratuko garela».

Orain arte bi entrenamendu egin izan dituzte, eta denboraldi honetan hiru entrenamendurekin hasi dira: «Behin entrenamenduak aurrera doazela, pixka bat gehiago irakurtzen dugu, eta badakigu zein jokalarik erantzungo digun, eta nola jarraituko dugun jokatzen. Konplizitate hori lortu dugu», dio kapitainak. Bestalde, Elosegik dio urte askoz batera jokatzen ari diren jokalariak daudela taldean: «Gure artean giroa oso ona da, eta hori bai dela oinarrietako bat, oraindik jokatzen jarraitzeko, eta gure arteko giro horrekin aurrera joateko».

Astean hiru entrenamendu egiteak sakrifizioa eskatzen duela azaldu du Rekondok. «Astebururo partida izateak baldintzatzen du zure egunerokoa. Eta entrenatzaileok askotan kexatzen gara, baina, egia da, konpromiso maila handia dela, eta eskertzen diegu». Giro aldetik «oso gustura» dagoela gaineratu du Rekondok, «eta, batez ere, poz handia ematen dit ikusteak, jokalariek jarraitzen dutela etortzen, umore ona dagoela, eta ez dagoela arazorik».

TAKEn emakumezkoen zortzi talde daude, maila guztiak kontuan hartuta eta, alde horretatik, «nahiko pozik» daudela dio Rekondok. «Mutil eta nesken artean parekidetasun maila bat izatea nahi duen klub bat gara, bai. Infantil eta kadete mailetan gero eta talde gehiago gara, jokalari asko datoz behetik». Gai horri lotuta, Elosegik nabarmendu du aurten senior mailan bigarren talde bat atera dela: «Azken finean, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzea urtetan nahi izan dugu, eta zaila izan da erabakitzea, aurten bi talde egiteak merezi zuen edo ez». Elosegik gaineratu du denak ados daudela pausoarekin: TAKErentzat eta neskentzat seniorretan bi talde izatearekin eta, gutxika, berdintze hori izatearekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!