Ziklo berri bati ekingo dio Gure Esku Dagok

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urt. 27a, 08:59

Jone Amonarriz tolosarra dinamikako komunikazio arduraduna da eta, azaldu duenez, hausnarketa prozesu batean daude orain. Seigarren urteari ekitera doaz eta, datozen hilabeteetan ere, orain arte antolatutako egitasmoek izan duten erantzun onari jarraipena ematen saiatuko dira.

Gure Esku Dago Euskal Herriko erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimendua da, 2013an sortua. Zelai Nikolas eta Anjel Oiarbide ditu bozeramaileak eta 2016ko, otsailaz geroztik, Jone Amonarriz Zubeldia da (Tolosa, 1993) dinamikako komunikazio arduraduna. Azken urteotan, Gure Esku Dagok hainbat ekintza antolatu ditu Euskal Herrian. Azkenak, iazko ekainean egindako giza katea, eta bertan irudikatutako Herritarron Ituna izan ziren. Azken horiekin ireki den dimentsioari edo bide berriari jarraipena eman nahi diotela dio Amonarrizek: «Hainbat sektore eta esparrutako eragileekin lanketa bat egin nahi dugu, harremana sustatu, erabakitzeko eskubidearen alde, herritarron itunean bildutako ideietatik abiatuz».

Gauzak horrela, 2019 urteko udaberrian sartzearekin batera, ziklo berri bat hasiko du dinamikak, bost urteotako ibilbideari amaiera bat eman, eta urrats berriak emateko helburuarekin. «Zentzu horretan, azken giza katetik hona, gure barne dinamika hausnarketa prozesu batean dago, batez ere, herriz herri. Parte hartze dinamiken bidez, GEDren sarea osatzen duten kideekin batera, datozen hilabeteetan zer egin erabakitzeko», dio Jone Amonarriz dinamikako komunikazio arduradunak.

Horrela, buru-belarri ari dira, martxan jarriko dituzten lan ildoen nondik norakoak zehazten: «Datorren martxoan egingo dugun aurkezpenean abiatuko da, Gure Esku Dagoren ziklo berria». Orduan emango dituzte, plangintzaren, bide-orriaren eta emango ditugun pauso berrien inguruko azalpenak: «Bilbon izango da ekitaldia, baina ezin dut ezer gehiago aurreratu».

Urte berria, asmo berriak dio esaerak. Gure Esku Dagok, badirudi esaera egiztatu nahia duela. Batetik, aipatu bezala, hausnarketa prozesuarekin amaitu bezain pronto, ziklo berri bati ekingo diolako. Bestetik, berriz, kide berriak gehitu zaizkielako karguetara. Hobeto esanda, aldaketak izan dituzte dinamikako ardura eta betebeharretan. «Ekimen herritar bat da eta, azkenean, erreleboak egotea normala da. Etapa honetan, kasualitatez, horrela gertatu da, baina, lan prozesuari dagokionez, ez dauka bestelako traszendentzia berezirik, egia esan», dio Amonarrizek.

Giza katearen indarra

Iazko ekainean, bost urteren barruan bigarren aldiz, Euskal Herri mailako giza katea antolatu zuten. Hain justu, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru herrialdeak batu zituen ibilbidea. 201,9 kilometro, 2.019 arrazoirekin betetako Herritarron Ituna Gasteizko Legebiltzarreraino eramateko. Hitzordu horren harira, dinamikako kideek alde guztietako iritziak jaso zituzten: «Zerbait antolatzen duzun bakoitzean izaten dira iruzkin positiboak eta negatiboak. Guk egin genuen balorazioa, behintzat, oso positiboa izan zen. Batetik, 100.000 lagun aurreikusi, eta 175.000 herritarrek parte hartu zutelako. Gainera, Herritarron Ituna irudikatzeari esker, beste dimentsio bat zabaldu genuen eta, nolabait ere, beste alor, esparru eta eragileen bitartez, erabakitzeko eskubidea hainbat modutara lantzen hasi ginen». Amonarrizen esanetan, erabakitzeko eskubidearena esparru askok bat egiten duten auzia da. Hori dela eta, giza kateak «Euskal Herriko herritarrei ate berriak zabaltzeko» balio izan zietela uste dute.

Bestalde, helburuetako bat, «autogobernu ponentzian adostekoak ziren oinarrietan erabakitzeko eskubidea jasotzea» zela dio komunikazio arduradunak, eta jarraitzen du: «Uste dut lortu dugula. Horrela, herritarrok halako erabakietan eragiteko gai garela frogatu ahal izan dugu, herritarrok bermea garela irudikatu, alegia». Hemendik aurrera ere, hartutako erabaki horrek aurrera egin dezan, eragiten jarraituko dutela azpimarratu nahi izan du, eta erabakitzeko eskubidea adostutako estatus berri horretan jasotzen dela ziurtatzeko, lanean segiko dutela.

2019 arrazoi, itun bat

Iaz, urte osoan zehar, Euskal Herriko eskualde askotan, Zertarako erabaki? galdera abiapuntutzat hartuta, mahai inguruak osatu zituzten Gure Esku Dagoko barne-dinamikek bultzatuta; Tolosaldekoa, Beotibarren egin zuten. Bertan bildutako ideiek Herritarron Ituna osatzeko balio izan zuten eta, azkenean, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean aurkeztu zuten testua, giza katea amaitu berritan.

Itunari erreparatuz gero, herritarrek eskuz idatzitako arrazoiak irakur daitezke: «Esparru anitzekoak dira: hezkuntzakoak, kirol mundukoak, parekidetasunari dagozkionak, ekonomiari buruzkoak... Ugariak». Tolosan dozenaka herritar bildu ziren: ikasleak, langileak nahiz erretirodunak. Guztiek ere, taldeka, esparru bakoitzeko ideiak plazaratu zituzten.

«Herritarron itunak, erabakitzeko 2019 arrazoi jasotzen ditu. Batetik, zifrarekin urte berriari erreferentzia egin nahi zioten, urte garrantzitsua izango zela aurreikusten genuelako. Bestetik, erabakitzeko arrazoiak benetan zenbat diren irudikatzeko zifra da; kopuru handia. Ez da kontu identitario bat soilik, egunerokoan eragiten digun zerbait baizik». Ideiak biltzearen prozesua bera, «ariketa sozial oso emankorra» izan dela nabarmendu nahi izan dute dinamikatik, baita «abiapuntu bat» ere: «Nahiz eta oraindik sakontzeko asko egon, erabakitzeko eskubide horrek herritarroi noraino eragin ahal digun jabetzeko balio izan du itunak, kontziente garela ikusteko».

Galdeketak han eta hemen

2014ko apirilaren 13an, Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) antolatu zuten Euskal Herrian abiatu nahi zituzten herri galdeketetako lehena; Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? galdera egin zieten herritarrei. Ikusmin handia sortu zuen, eta ia herritarren erdiek (%42,76) hartu zuten parte. Orduz geroztik, herriz herriko dinamikak aztertu eta, baldintza egokiak zituzten herrietan, burujabetzari buruzko herri galdeketak antolatzeko taldeak sustatu zituzten. 2016an heldu zen lehen olatu handia. Orduko ekainaren 5ean, 34 herritan egin zituzten galdeketak.

Duela bi urte, berriz, urteko lehen sei hilabeteetarako, ia 100 herritako biztanleei egin zieten, galderari erantzuteko gonbidapena. Tolosaldearen kasuan, galdeketak 2017ko martxoaren 19an egin ziren, eskualdeko 28 herrietan. 12.370 herritarrek (%31,21) hartu zuten parte, eta baiezko erantzuna nagusitu zen, botoen %96,2rekin.

Iaz, berriz, bi olatu nagusi izan ziren Hego Euskal Herriko hainbat herritan. Lehena, maiatzaren 6an izan zen. Azaroaren 18an Donostian egindako galdeketak zeresana eman zuen, Euskal Herriko hiriburu batean egindako lehena izan baitzen. Gipuzkoako hiriburuan egiteaz gain, Irunen, Balmasedan, Zallan eta Alonsotegin ere egin zituzten. Dinamikako kideek balorazio positiboa egin dute, egitasmo horien eta herritarren jarreraren inguruan: «Beti esaten dugu anbizioz jokatzen dugula, eta beti nahi izaten dugula emaitza hobe bat lortzea. Hala ere, kontuan izan behar dugu, GED duela 6 urte jaio zela, herritarra dela eta, aldi berean, erabat autofinantziatua. Elkarbizitzari dagokionez aurrerapauso handia izan da, eta ekarpen hori da azpimarragarriena». Era berean, Amonarrizek dio, GED «iraganeko korapiloak askatzeko eta zauriak sendatzeko» gai izan dela, herri askotan: «Herritarrek bat egin dute puntu horretan, eta erronkari heldu diote».

Lau urteren buruan, Hego Euskal Herri osoko 208 herritan lortu dute galdeketak aurrera eramatea. 220.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte; deituta zeuden herritarren %20k baino gehiagok. «Guretzako lorpen bat izan da, herritarren % 100ari galdetu ahal izateko berme guztiak dituen tresna bat izatea».

Titularrei buruz ere aritu da Jone Amonarriz: «Askotan, titularretara eraman izan dute, parte hartzeak eskasak izan direla. Gainera, erakunde publikoekin alderatzen gaituzte, hau da, hauteskunde ofizialekin. Eta noski, Anjel Oiarbide bozeramaileak behin baino gehiagotan azaldu duen bezala, guretzako ohore bat da alderaketa hori egitea. Esan beharra daukagu, ordea, ez ditugula hauteskundeetara aurkezten diren alderdien ibilbidea, ez baliabide tekniko nahiz ekonomikoak, ezta aurrekontua ere. Hori dela eta, herri galdeketak, beti hartu izan ditugu hasiera bat bezala. Galdeketetan ez da ezer bukatzen, ez da lau urterako politikarik erabakitzen. Fisikoki hurrengo egunean ezer aldatzen ez duen dinamika herritarra da, baina prozesuak berak onura handiak sortu izan ditu».

Ziklo berri horri ekitearekin batera, EAEn amaitutzat emango dituzte herri galdeketak. Dena den, herriren batek galdeketa egin nahiko balu, aukera izango luke, «bakoitzaren erabakia delako». Baina, printzipioz, hori ez da EAEko hiru herrialdeetako ildo nagusia izango: «Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian bere horretan jarraituko du ideiak, eta atea zabalik izango da galdeketa gehiago egiteko. Ikusi beharko da, ea zer ematen duen. Euskal Herriko dinamika bat izanik, lurralde osorako egitasmoak sustatuko ditugu, baina lurralde bakoitzean erabakiko dute, une horretan eragiteko galdeketen tresna erabili edo ez».

Eskualdean ere eragiten

Tolosaldean, aktibazio sozialari dagokionez, mobilizazioetan bilakaera bat izan dela dio Amonarrizek: «Kopuruetan, behintzat, goranzko joera izan dute datuek. Lehen giza katera 6.000 herritar joan ziren eskualdetik. Herri galdeketetan, berriz, 12.000 pertsonak hartu zuten parte». Beraz, parte hartzeko grina handiagoa dela ikusi dute: «Gainerako herri mugimenduak bezala, ordea, gorabeherak dituen dinamika da. Hala ere, aldaera horiek ez dira positiboak eta negatiboak. Batzuetan, ikusgarria den lana egitea tokatzen da. Beste batzuetan, aldiz, ikusten ez den lana egitea egokitzen zaigu. Hain zuzen, hori da azken hilabeteetan gertatu dena».

Hori dela eta, datozen asteetatik aurrera, eskualdeko ahalik eta herri gehienetan, herritarrekin adostutako bide orria partekatzen hasi nahi dute, Gure Esku Dagok eskualdean duen taldeko kideek. «Behin hori eginda, lan taldeetara eta antolatutako hitzorduetara parte hartzaileak batzea izango da helburua».

Bazkide kanpaina abian

Aurten Gure Esku Dagok bazkide kanpaina bat jarriko du martxan. «Bazkidearen figura dinamikaren erdigunean jarri nahi dugu, beste zentralitate bat emateko, dinamika bera gertuagotik bizitzeko, eta erabakiak hartzeko aukera eskaini ahal izateko».

Orain arte ere izan da figura hori, baina orian berrikuntzak izango dira: «Informazio kanal berriak sustatuko dituzte, barne mailako komunikazioa indartzeko helburuarekin. Dinamika indartsu eta autonomo bat nahi baldin badugu, bazkide irudi hori ezinbestekoa izango da». GED indartsuagoa izatea lortu nahi dutela dio Amonarrizek. Datozen hilabeteak eta urteak, beraz, «oso garrantzitsuak» izango dira, beraientzat, eta herritar guztientzat: «Noizbait gure etorkizuna erreferendum baten bitartez erabakitzeko aukera izaten badugu, herritarroi esker izango da. Posible dela sinistarazi behar dugu, eta horretarako bermea herritarren esku dago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!