Maider Mendizabal Master Cup txapelketan ariko da

Ataria 2019ko urt. 24a, 20:01

Lehen mailako lehian jokatuko du pilotari anoetarrak; Miren Larrarte ez da egongo azkenean.

Eskuz binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup Txapelketa asteburu honetan hasiko da. Guztira 110 izango dira parte hartuko duten pilotariak: 98 izango dira promozio mailan ariko direnak, 49 bikote osatuz, eta beste hamabi, sei bikote osatuz, lehen mailan lehiatuko direnak. Hamabi horietako bat izango da Maider Mendizabal anoetarra. Miren Larrarte bidaniarrak izena eman zuen, baina eskuko minez dagoenez, azkenean ez du parte hartuko.

Lehen mailakoan bi multzo izango dira, eta Mendizabal Arrate Bergararekin bikote eginez, A taldean ariko da, Leire Etxaniz-Leire Garai eta Patri Espinar-Mirian Arrillaga bikoteekin batera. Lehen mailako lehiaketa otsailaren 3an hasiko da. «Batzuen kasuan, beteranoak eta gazteak elkarrekin jarri gaituzte. Uste dut Arratek hamabost urte dituela, nik 41, beraz, bataz besteko ona egiten dugu», esan du Mendizabalek. «Bikote guztiak ez dira horrela osatu, baina nik uste dut antolatzaileek ahal duten ondoen egin dituztela bikoteak». Multzoei dagokionez ez daudela oso orekatua eta antolatzaileekin hitz egin duela dio anoetarrak: «Espinar, Etxaniz eta hiruak, hau da, azken fasetara iritsi ohi garen pilotariak, multzo berdinean gaude. Ez dakit multzoak horrela mantenduko dituzten eta zehazki nola izango den txapelketaren sistema».

Egun, eskuz binaka ere, Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatu duen lehenengo Emakumea Pilotari Txapelketa jokatzen ari da anoetarra, lehen mailakoan. Nora Mendizabal andoaindarra du bikote. Bihar dute ligaxkako azken neurketa, Zestoan, 18:30ean, Arrieta-Araiztegiren aurka. Irabazten badute, otsailaren 8an jokatuko den finalera joango dira zuzenean.

GOMAZKO PALETAN

Gomazko paletan ere txapelketa batean murgilduta dago Mendizabal: Euskadiko Kluben Artekoa. Ainhoa Garmendia alegiarrarekin batera, eta Su-Berri elkartea ordezkatuz, Hernaniko elkarteari finalerdia irabazi ondoren, Errekaleor A bikotearen aurka jokatuko dute larunbatean finala. 20:00etan izango da, Abadiñoko Matiena auzoan.

Gomazko paletan hurrengo asteburuan beste lehiaketa bat hasiko da, Euskal Herriko Txapelketa. Elite mailan jokatuko du Mendizabalek, eta hor bikoteak euskal federazioak berak egiten ditu. Txapelketa hori elkarteen artekoa baino luzeagoa izaten dela azaldu du anoetarrak. Beste maila batzuetan ere jokatzen da txapelketa eta horietan irekia izaten da parte hartzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!