TSSTko langileek enpresa hitzarmena negoziatzeko baimena eskatu diote aldundiari

Ataria 2019ko urtarrilaren 23a

LAB eta UGT sindikatuetako arduradunek ohartarazi dute TSST, Garayar eta HASA enpresei aldundiak ez diela baimenik ematen hitzarmenak negoziatzeko, zerbitzu publiko berria erabat esleitu arte. 

TSST enpresako langileek, Garayar eta HASA enpresetakoekin batera, kontzentrazioa eta prentsaurrekoa egin dute goizean, Donostian, aldundiaren aurrean. LAB eta UGTeko arduradunek gogorarazi dute autobus enpresa horietan, zerbitzu publiko berria erabat esleitua izan arte behintzat, aldundiak ez diela baimenik ematen enpresetako hitzarmenak negoziatzeko.

Enpresek azpimarratzen dutena da langileak subrogatze badira esleitua izan den enpresa berrira, arazo baten aurrean aurkituko direla, izan ere, enpresa berriak langileen hitzarmenetan jasotako eskubideak errespetatzeko betebeharra dauka. Sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, ordea, "eskubide horiek ez datoz bat lehiaketa publikoak jasotako baldintza laboralekin, eta horregatik diputazioaren baimena behar dugu negoziatu ahal izateko".

Izan ere, aurreproiektua egin eta onartu zenetik zerbitzuaren esleipena eman arte bi urte pasa dira eta gehiago izan daitezke: "Lizitazio hau martxan jartzeko 2017ko soldatak eta baldintzak hartuko dituzte kontuan, baina esleipena martxan egon arte urteak pasa daitezke". Beraz, hitzarmenak negoziatu ahal izateko baimena eskatu dute aldundi atarian.

Hori horrela, aldundiari arazoarekin amaitzeko eskatu diete, erantzukizunak bere gain hartzeko eta kalitatezko zerbitzu publiko bat bermatzeko, langile zein erabiltzaileentzat.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!