San Sebastian eguna, iristear

Irati Saizar Artola 2019ko urt. 18a, 12:57

Tolosaldeko lau herritan daude San Sebastian ermitak eta, modu batera edo bestera, ospatzeko tartea hartzen dute.

Igandean da San Sebastian eguna, eta eskualdean bada ospatzeko ohiturarik; ez, ordea, danbor hotsekin. Leaburu-Txaraman, Berrobin, Berastegin eta Orendainen, San Sebastiani eskainitako baselizak dituzte, eta ospatzeko tartea hartzen dute.

Berrobin eta Berastegin, aurten, ez dute ezer berezirik egingo. Igandea egokitu denez, mezak herriko parrokietan egingo dituztela erabaki dute, betiko orduetan. Leaburu-Txaraman eta Orendainen, aldiz, ermita izango da festa-leku nagusi.

Leaburu-Txaramako kasuan, herriko dantzariek hainbat pieza dantzatzeko tartea hartuko dute meza amaitzean, ermita atarian. Ondoren joango dira, guztiak, ostatura, hamaiketakoa egitera.

Orendainen, berriz, baselizara iritsi aurretik hasiko dute festa. Herriko plazatik kalejiran joango dira ermitara, trikitilariekin eta, eguraldi ona egingo balu, kotxeak herrian utzi eta ermitarako bidea trikitilarien atzetik egitera deitu dituzte, herritarrak, udaletik.

Meza amaitutakoan, Orendainen ere , hamaiketakoa izango dute eraikin berrian eta, ondoren, Eltxo Elkartean elkartuko dira guztiak, bazkaldu eta San Sebastian eguna behar bezala ospatzeko.

EGITARAUAK

LEABURU-TXARAMA
11:30. Meza nagusia San Sebastian ermitan.
Ondoren. Herriko dantzarien emanaldia ermita atarian.
Jarraian. Hamaiketakoa herriko ostatuan.

ORENDAIN
11:00. Herriko plazatik ermitaraino, herriko trikitilarieen kalejira. Eguraldi ona eginez gero, herritarrak oinez bertaratzera deitu dituzte
11:15. Meza nagusia San Sebastian ermitan.
Ondoren. Eraikin berrian hamaiketakoa.
14:00. Bazkaria Eltxoak Elkartean. berrobi

BERROBI
11:00. Meza San Andres elizan.

BERASTEGI
12:15. Meza Tourseko San Martin elizan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!