M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2019

Greba feminista hasi da egosten, Tolosaldean

Ataria 2019ko urtarrilaren 17a

Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako deialdira batu da Tolosaldeko Asanblada Feminista ere; hurrengo bilera urtarrilaren 30ean egingo dute, Tolosako kultur etxean.

Bigarrenez, greba feministak hartuko du Tolosaldea, martxoaren 8an. Euskal Herriko Mugimendu Feministak iragarri zuen, aurtengoa 24 orduko greba izango dela, eta asmo horri helduta ekin zioten, joan den asteartean, greba antolatzeari.

Arrakastatsua izan zen 2018ko martxoaren 8an, eta emakumeen plantoa bide beretik joatea da, aurten ere, Tolosaldeko Asanblada Feministaren nahia. Horrela, ideia zaparrada eta proposamenen bilkura izan zen, eskualdeko emakumeek egindako lehenengoa.

Eskualde mailako mobilizazio batek hartuko du eguna, baina, oraindik, egitaraua prestatzen dihardute. Horretarako bigarren hitzordua urtarrilaren 30ean izango da, 19:00etan, Tolosako kultur etxean.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak atzo egin zuen grebaren lehen aurkezpena, Gasteizen, eta, nabarmendu, bizitza erdigunean jartzea izango dela aurtengo grebaren helburua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!