Mankomunitateak edukiontzi berriak jarriko ditu

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 15a, 21:00

Eskualdeko 25 herritan berrituko dituzte gaurtik hasita. 650 edukiontzi berri jarriko dituzte; 245 papera eta kartoia biltzeko, 258 plastikorako eta 147 errefusarako.

Tolosaldeko Mankomunitateak 650 edukiontzi berri jarriko ditu gaurtik otsaila bitarte eskualdeko 25 herritan. «Azken urte hauetan zenbait herritan errefusa eta organikoaren bilketarako jarri diren edukiontziak bezalakoak izango dira, hau da, gorputza gris kolorekoa dute, serigrafia dute eta hondakin mota taparen kolorearen arabera bereizten da», esan du mankomuniteateak.

650 edukiontzi berriak horrela banatzen dira: 245 papera eta kartoia biltzeko izango dira, 258 plastikoa, metala eta tetrabrik motako ontziak jasotzeko, eta 147 errefusarako. Edukiontzi berrietan alderdi bakarra erabili ahal dela zehaztu dute: «Hondakina botatzeko ahoa edo tapa duen aldea erabili ahal izango da. Beste aldearen erabilpena edukiontziaren hustuketarako izango da». Edukiontzi horiek beste «abantaila» bat duela ere esan du mankomunitateak, azpian gida moduko bat daramatela eta, beraz, «kamioiak hustu eta gero edukiontzia haserako lekuan uzten da, hori horrela edukiontzi guztiek kalean lerrokatuta egongo dira».

Aldatuko dituzten lehen edukiontziak Abaltzisketa, Altzo, Amezketa, Orendain, Baliarrain, Albiztur, Lizartza, Orexa, Leaburu-Txarama, Belauntza, Gaztelu, Berrobi, Elduain eta Berastegikoak izango dira. Gaurtik hasita ostirala bitarte aldatuko dituzte. Hilaren 21ean Asteasuren txanda izango da; otsailaren 1ean Anoeta eta Hernialden ariko dira; otsailaren 4tik 8ra Amasa-Villabona, Zizurkil, Ibarra eta Iruran aldatuko dituzte; Tolosako edukiontziak otsailaren 11tik 14ra berrituko dituzte; eta Larraul, Aduna eta Alkiza izango dira azkenak, otsailaren 15ean.

Bidania-Goiatz Urola Erdiko Mankomunitatean dagoenez, eta Ikaztegietan zein Alegian atez ateko sistema erabiltzen dutenez, hiru herri horietan ez dituzte edukiontziak aldatuko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!