Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimena da Korrika. 1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen lehen Korrika antolatu zutenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Ordutik, 20 Korrika eta 39 urte igaro dira. Apirilaren 4an hasita, hamaika egunez eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria gurutzatuko du 21. aldiz. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, eta Gasteizko helmugara ailegatu bezperan, apirilaren 13an, iritsiko da Tolosaldera. Koordinatzailearen egitekoa izango da eskualdeko kilometroetan ahalik eta herritar gehien egitasmora batzea.
Nola definituko zenuke Korrika?
Euskararen alde egiten den ekimen erraldoia da. Batez ere bi helburu nabarmenduko nituzke: euskararen aldeko kontzientzia bultzatzea eta indartzea, eta AEKren euskaltegien eguneroko jardunari aurre egiteko baliabide ekonomikoak lortzea.
Klika da aurtengo leloa. Zer esan nahi du?
Esanahi bat baino gehiago du. Klika egitea euskararen aldeko konpromisoa hartzea da. Konpromisoa hartzea izan daiteke euskara ikastea, erabiltzea edo Euskaraldiaren helburua zenarekin bat egitea, hau da, gure hizkuntza ohiturak aldatzeko prest egotea edo gure hizkuntza eskubideen alde lan egitea. Maiz, hizkuntzaren erabilera ahozkotasunera mugatzen da ,eta iruditzen zait ikuspuntu hori zabaldu egin beharko genukeela. Izan ere, hor ditugu musika, literatura, bertsolaritza edo zinema, eta, hortaz, gure kulturara edoskitzea ere klika egitea da. Nik, behintzat, oso argi dut euskarak eta kulturak loturik egon behar dutela, bata ez bailitzateke dena izango, bestea gabe. Hori guztia izan daiteke, beraz, Klika.
Euskaraldiak izan duen harrera ona nabarituko al da aurtengo Korrikan?
Nik uste dut olatu horrek eragina izango duela. Azken finean, kontuan hartu behar da Korrika euskararen inguruko ekimena dela, eta protagonistak euskara eta klika egiteko prest gaudenok garela. Bakoitzak bere erara bizi du, baina, zalantzarik gabe, oso une hunkigarriak bizi dira Korrika bezalako ekimen batean. Oso polita da euskarak duen boterea kalean ikustea, euskaldunon eta euskaltzaleon indarra islatzen delako.
Korrika guztietan protagonistaren bat izaten da.
Aurten Txillardegi izango da omendua. Ordainezina da berak utzitako ondarea, kulturgintzan eta euskararen alde egin duen guztiagatik eta, horregatik, hura gogoan izango dugu Korrikan. Kontuan hartzekoa da, gainera, aurten euskara batuaren 50. urteurrena dela, beraz, arrazoi ezin hobea da Txillardegi omentzeko, sortzaileetakoa izan baitzen.
Apirilaren 4tik 14ra, Garestik Gasteizera osatuko du ibilbidea Korrikak. Tolosaldeari dagokionez, noiz egingo du sartu-irtena?
Apirilaren 13an iritsiko da Tolosaldera. Andoaindik etorriko da 03:00ak aldera. Adunarako bidea hartuko du, eta, ondoren, Zizurkil eta Villabona zeharkatuko ditu. Irurara 03:40 aldera iritsiko da. Irura eta Anoetan sartu ostean, Tolosarako bidean jarriko da. 04:10 inguruan aurreikusten da Tolosan sartzea. Tolosako kaleetatik Ibarrara joko du, eta han sartu irtena egin ondoren, Tolosara itzuliko da berriz. Tolosatik irten, eta Alegiako bidea hartuko du, 05:20 aldean ailegatzeko. Handik Ikaztegietarantz joko du. 05:45 aldera utziko du Korrikak eskualdea, Legorretara bidean jartzeko, beraz, ia hiru ordu egingo ditu Tolosaldean.
Goiztiar helduko da, beraz.
Bai. Dena den, Tolosaldeak euskararekiko eta Korrikarekiko konpromiso handia erakusten du beti, beraz, ziur aurrekoetan bezala, aurten ere eskualdeko kaleak beteko direla.
Korrika bukatu bezperan iritsiko da Tolosaldera.
Apirilaren 14an izango da Korrikaren azken eguna. Gasteizera iritsiko da, eta Tolosaldetik amaierako ekitaldiaz gozatzera joateko deialdia egingo dugu. Urtetik urtera gero eta jende gehiago joaten da, eta autobusak ere antolatzen dira bertaratzeko. Eskualdeko hainbat herritako ordezkariekin, eskualdeko batzordea elkartuko da, urtarrilaren 15ean, Anoetan. Batzorde horrek hainbat funtzio izango ditu, tartean, Gasteizerako autobusa antolatzea, kilometroen banaketa eta kudeaketa, edota Korrika laguntzaileak bilatzea.
Zer da Korrika laguntzaile izatea?
AEKri egiten zaion diru ekarpena da. Zehazki, 12 euroko laguntza ematea. Trukean, aurtengo Korrikaren pina eta txartela jasotzen dira, eta eskualdeko eta Euskal Herriko hainbat saltokitan izaten diren eskaintzez gozatzeko aukera dago. Euskaltegietan nahiz korrika.eus webgunean egin zaitezke korrika laguntzaile. Era berean, arropa erosteko ere aukera bada.
Kilometroen banaketa da batzordearen egitekoetako bat. Herritarren laguntza beharrezkoa izango da.
Oso garrantzitsua da herri bakoitzeko eragileen inplikazioa. Azken finean, Korrika herritarrok egindako egitasmoa da eta, horregatik, garrantzitsua da ahalik eta eragile gehienek prestutasuna azaltzea. Hori kudeatzea izango da batzordearen zereginetako bat. Eskualdeko batzordeak bitartekari lanak egingo ditu eta, gero, herri bakoitzak bere funtzionamendua izango du, esaterako, Korrika kulturaleko ekitaldiak antolatzerakoan. Ekitaldiekin batera, arropa saltzeko puntuak ere jarriko ditugu herrietan, hainbat egunetan.
Herritarrei zein mezu emango zenieke?
Ezinbestekoa dela jendearen parte hartzea, protagonistak herritarrak eta euskara direlako. Halaber, eskerrak eman nahi nizkioke orain arte Korrikaren eta gure hizkuntzaren alde lan egin duen orori, AEKko kideei, herrietako ordezkariei zein herri mugimendu guztiei.