Irlandatik eskualdera, urtero lez

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 11a, 08:00

Caoimhín Mac Giolla Catháin abeslaria Tolosa eta Ibarra bisitatzen izan da ohiturari jarraituz; Euskal Herrian barrena kontzertu sorta bat egitea eskatu dio Bréag taldeak 2019. urteari.

Tolosa eta Ibarra maiteak ditu Caoimhín Mac Giolla Catháin-ek. Lagunentzat, Kivin. Hamarkadak daramatza Belfastetik eskualderako bidaia egiten, eta iaz, urtea horrela amaitu zuen. «Beti da polita itzultzea, eta horren arrazoia, lagunak eta hegaldi merkeak dira», dio irlandarrak. Lagun gehienak Belfasten ezagutu ditu, bera baita euskaldun askoren gidaria Irlanda iparraldean. «Alde batetik, interes politikoarengatik joan izan dira euskaldunak Belfast-era. Bestetik, ihesean iritsi direnak ere izan dira. Gaur egun, historia politiko hori interesatzen zaion jendea joaten da Euskal Herritik hara, baina egia esan, ez daude horrenbeste euskaldun».

Tolosara lehen aldiz 1997an iritsi zen Kivin, bere musika taldearekin: «Euskal Herrian tour moduko bat egin genuen. Geroztik, 20 urtetan zehar, urtero itzuli naiz inguru hauetara».

GAELIKOZ

Bréag izena du Kivinen musika taldeak. Reggae, ska eta rock-a nahasten dituzte, eta abeslariak, Kivinek, gaelikoz kantatzen du. Ezaugarri horrek ate batzuk itxi baina beste batzuk irekitzen dituela dio irlandarrak.

Aitzindariak izan ziren, eta ondorengoei bidea zabaldu zien. Gaur egun, Kivinen esanetan, belaunaldi berriek Irlandako hizkuntzari eusten diote; musika estilo berrietara egokituz.

«Gure taldea duela 25 urte sortu genuen. Bertako ikastolen aldeko jaialdi baten harira sortu zen Bréag», dio Kivinek. Kontua da, «gutariko batzuk Belfasten gaelikoa hitz egiten zen eremukoak ginela. Bost kide gaelikoaren aldeko erakundeetan ibiltzen ginen, eta bertako ikastolentzat dirua biltzeko, elkartu eta kontzertu bat jotzea erabaki genuen». Hasiera batean bolada baterako zena luzerako bilakatu zen. Ordura arte, gaelikoa musika tradizionalean bakarrik agertzen zen, baina gazte haiei reggae edo rocka gehiago gustatzen zitzaien. «Guretzat erabat naturala zen jauzi hori gaelikoari lotuta egitea», dio Kivinek.

Garai hartako Belfasten gaelikoaz abestea errebindikazio moduan hartu zuen jendeak, eta horrek taldeari bere indarra eman ziola dio Kivinek. Aldi berean, ordea, hainbat lekutan jotzea arriskutsu bilakatu zen. Gaur egun hori aldatu dela dio irlandarrak: «Lehen gaelikoa onartzen ez zen toki gehienetan hasiak dira gure hizkuntza onartzen. Zerbait aldatu dela esango nuke».

Egun, Irlandako hizkuntza hiriguneetan indartzen ari dela dio Kivinek. Aldiz, beti hitz egin den eremuetan joera beherakoa dela nabarmentzen du, «emigrazioaren ondorioz». Gaelikoaren aldeko ekimenek gora egin dute su-etenaren ondoren, eta hor, Euskal Herrira begiratu ondoren, Korrika hartu zuten eredu. Rith izena hartzen du gaelikoaren alde Irlanda guztia zeharkatzen duen ekimenak, eta «korri egin» esan nahi du gaelikoz.

Kivin eta bere taldeak musikarekin bultzatzen dute gaelikoa. Jendeak, hizkuntzari baino musikari begiratzen diola dio irlandarrak: «Gehienek letrei ez die jaramonik egiten. Entzule gehienek, gainera, ez dakite gaelikoa, eta konturatzen direnerako berdin dio: musikan eta dantzan pentsatzen ari dira».

Kivinentzat musikak ere berebiziko garrantzia du: «Nire bizitzan beti egon da musika, txikitatik. Familian beti izan dugu musika eta hori oso pozgarria da».

Estiloari dagokionez, zerbait aukeratu beharra zegoen, eta garaiek horrela erabaki zuten: «Gaelikoaren aldeko erakundean ibiltzen ginela, porru asko erretzen genituen, eta hortik ezagutu genuen reggae musika».

Jaialdi baterako hasi, jendeari gustatu, eskariak jaso eta jaso eta 25 urte bete. Bréag eta Caoimhín Mac Giolla Catháin-en ibilbidea Irlandari lotuak daude, baina baita Euskal Herriari ere. 2019rako erronka hori dute gainera, inguru hauetan itzuliren bat egitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!