Artolak lehen itzuliaren balantze positiboa egin du

Imanol Garcia Landa 2019ko urt. 10a, 07:00
Atzo Getarian egindako pilota aukeraketaren une bat. ASIER IMAZ

Altuna III.ak zail ikusten du, Binakako Pilota Txapelketan lau onenen artean sailkatzea.

Binakako Pilota Txapelketan bigarren itzulia hasiko da asteburu honetan, eta lehian dauden eskualdeko bi pilotarien arteko egoera ezberdina da. Iñaki Artola alegiarra laugarren doa, Mariezkurrena II.arekin batera eta, Jokin Altuna amezketarra, Martija bikotearekin, zazpigarren doa, bi punturekin. Artolak balantze positiboa egin badu ere, ez du helburu moduan jarri sailkatzea. Altuna III.ak zail ikusten du, lau aurrenekoen artean bukatzea.

Artolak azaldu duenez, momentuko egoera sinatuko zukeen txapelketa hasieran. «Ez genuen helbururik jarri aurrera pasatzeko, gurea egitea genuen helburu, partida guztietan lehiatzera ateratzea, denei gerra ematera. Azkenean hori egin dugu, eta espero baino puntu gehiago lortu ditugu». Lehenengo lau bikoteak sailkatzen dira finalerdietara eta, laugarren izanagatik, alegiarrak hasierako helburu berarekin jarraitzen duela azaldu du.

Artolak bihar du partida, Getarian, Bengoetxea VI.aren eta Imazen aurka. Aurkariak «oso arriskutsuak» direla dio. «Ez ziren ondo hasi txapelketan eta ematen zuen atzean geratuko zirela. Gero jokoa aldatu dute, Ander ondo jokatzen hasi da, Oinatz puntu-puntuan dago, eta horrela dagoenean gai da edozeini jipoia emateko», esan du Artolak. «Mentalizatuta joan beharko dugu, lehenengo jardunaldiarekin alderatuta ezberdina izango baita partida». Atzo egin zuten material aukeraketa, eta aitzakiarik ez dela izango dio alegiarrak: «Bikote bakoitzak bere gustuko pilotak aukeratu ditu».

Azkenaldian, Artolarentzat kezka iturri da bere eskuen egoera. Aurreko jardunaldian minez bukatu zuen, eta aste honetan eskuak nahi bezala ez baditu ere, joan den astean baino hobeto ditu, eta jokatu egingo du.

ALTUNAK SENTSAZIO ONIK EZ

Matematikoki aukerak badituzte ere, Altunak zail ikusten du finalerdietara sailkatzea. «Txapelketan goian dauden hiru bikoteak hor izango zirela esan genuen aurkezpenaren egunean», esan du amezketarrak. Sailkatzeko aukera izan arren, sentsazioak kontuan hartu behar direla nabarmendu du Altunak: «Sentsazioak ez dira onak izan, eta askotan sentsazioek gehiago balio izaten dute. Zail ikusten dugu aurrera egitea, baina oraindik zazpi partida dauzkagu, eta guretzat garrantzitsuena bigarren itzuli honetan beste joko puntu bat erakustea eta gehiago gozatzea izango da».

Larunbatean Ezkurdiaren eta Ladis Galartzaren aurkako partida dute, Iruñeko Labrit pilotalekuan. «Zaila izango da», esan du amezketarrak. «Egia da, azkeneko partidetan beraiei ere kosta egin zaiela 22ra iristea. Baina Joseba oso une onean dago, eta beraiek guk baino kolpe gehiago dute. Min egingo digute, baina saiatu behar dugu aurreko partidetan baino opari gutxiago egiten. Ea aurrean asmatu, eta irabazterik dugun».

Azken bost partidak segidan galdu dituzte Altunak eta Martijak. «Hori zama handia da eta horri buelta ematen kosta egiten zaigu», esan du amezketarrak. «Gure helburua da, ahal den azkarren partida bat irabaztea, eta joko puntu hobea erakustea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!