Urtebetean ia puntu bat jaitsi da Tolosaldeko langabezia tasa

Irati Saizar Artola 2019ko urt. 8a, 08:00

Guztira 2.057 herritar daude langabezian, %8,93ko tasa osatuz, eta Orendain da tasa baxuena duen herria; Gipuzkoa mailan, beste zazpi eskualde ditu Tolosaldeak aurretik.

Beherako joerarekin jarraitzen du langabezia tasak eskualdean. Azken lau urteei erreparatuta, 2014ko abendutik 2018kora, 5,41 puntu jaitsi da tasa. 2017a, Tolosaldean, 2.262 langaberekin amaitu baldin bazen, bukatu berri den urtea 2.057 langaberekin itxi dute 28 herriek. Datu horiek eman ditu urtea amaituko orduko SEPEk.

2017ko irailetik abendura bitarte lortu zen tasa %10etik jaistea, %9,82ko tasarekin amaitu baitzen urtea. Ordu ezkero, urte betean, 0,89 puntu jaitsi da tasa. Egun, zehazki, %8,93ko langabezia tasa osatzen du eskualdeak.

Tolosaldeko 28 herriak kontutan hartuta tasa jaitsi bada ere, ez du esan nahi herri guztiek joera bera izan dutenik. Sei herritan igo egin da langabetuen kopurua: Elduain, Alkiza, Berrobi, Ikaztegieta, Orexa eta Bidania-Goiatzen. Tasari begira Elduainek izan du igoera handiena, 2,79 puntu hazi da langabezia tasa, iaz baino 4 langabetu gehiagorekin. Horren jarraian dator Alkiza; 2,69ko igoera izan du eta 5 langabetu gehiago ditu aurten. Segidan daude Berrobi 4 langabetu gehiagorekin, Ikaztegieta 2 gehiagorekin, eta Bidania-Goiatz eta Orexa, bi horiek langabe baten igoera izan dute iaztik hona. Aipatu behar da iaz Orexa langabeturik ez zuen herri bakarra zela; momentu honetan, bat du.

Igoerarik eta jaitsierarik izan ez duen herri bakarra Amezketa izan da. %9,05ekin jarraitzen du, 41 langabeturekin bukatu zuen 2017a eta halaxe hasi du 2019a. Gainerako herriek beheranzko joera erakutsi dute. Hala ere, Tolosaldeako urte osoko datu orokorrei begira, ez da progresiboa izan jaitsiera: izan ere, ekainetik irailera bitarte 0,13 puntu igo zen tasa, 30 langabetu gehiago izan ziren denbora tarte horretan.

Tasarik baxuenen artean dira Albiztur (%1,33; 2 langabetu), Gaztelu (%1,19,; langabetu bat), Orendain (%1; langabetu bat) eta Orexa (%1,79; langabetu bat).

GIPUZKOAKO ZORTZIGARRENA

Gipuzkoako hamaika eskualdetatik zortzigarren langabezia-tasa baxuena du Tolosaldeak. Aurretik ditu Urola Kosta, Goierri, Debagoiena, Donostialdea, Donostia, Urola Garaia eta Urola Erdia. Atzetik, berriz, Oarsoaldea, Bidasoaldea eta Debabarrena ditu.

Gipuzkoako datu orokorrei erreferentzia eginez, langabezia-tasa %9,08koa da; 31.678 herritar daude langabezian. Iaztik, 0,66 puntuko jaitsiera izan du, hau da, 2.294 langabetu gutxiago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!