Errege magoak heldu dira eskualdera

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urt. 5a, 21:06

Tolosaldeko 12 herri zeharkatu dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasar Ekialde urruneko Errege magoek. Tolosan egin den desfilea oso jendetsua izan da, eta haur guztiek nahi izan dituzte hirurak besarkatu.

Uzturreko magaletik, Izaskun auzotik behera jaitsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Nafar zubitik begiratuta, suaren argia ikus zitekeen bertan. Hirurak ere zaldi gainean heldu dira Tolosako Zerkausi parera, pajeen laguntzarekin. Ordurako, haurrak emozioz gainezka zeuden, eta oihuka jaso dituzte Errege magoak.

Plaza Zaharretik abiatu da desfilea, eta hiru pertsonaiak heltzeko zain zeuden Tolosako Erraldoiak, Udaberri Dantza Taldeko ikastaroetako haurrak, Musika Eskolako txistu ikasleen banda, haurrek egindako jaiotza txikiak, jaiotza handia, bertako produktuen sortak zeramatzaten haurrak, kriseiluak, Giro Arte dultzainero taldea eta Tolosako Musika Banda. Azken honek izan ezik, gainontzeko guztiek erregeen aurretik osatu dute ibilbidea.

Korreo kalea zeharkatu ostean, Gorriti plazatik igaro, eta Rondilla kaletik barrena, Euskal Herria Plazara heldu dira. Bertan, erregeak zaldietatik jaitsi ostean, Musika Bandak Errege Jaya obra jo du, hirurak ,goran zain zeuden Jose, Maria eta Jesusengana igo diren bitartean. Bertan, herritarrak agurtu dituzte, haurrei opariak prest dituztela eta gaur ohera goiz joan behar dutela gogoraraziz.

Ondoren, Udaberriko haurren txanda heldu da. Hauek, txulalai, agurra, fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte. Ekitaldia amaitu ostean, Zerkausira joan dira guztiak, eta bertan, erregeek haurren gutunak, besarkadak eta musuak jaso dituzte, gaurko gau luzearen aurretik.

Txokolate beroa, hotzari aurre egiteko

Eskualdeko beste 11 herritan ere ospatu dute desfilea. Guztiek ere arratsaldean jaso dute erregeen bisita. Batzuetan, ordea, harreraz gain, ekintza desberdinak burutu dituzte. Iruran, esaterako, txokolate beroa banatu dute. Udaletxeko ordezkariek, eguraldi hotzarentzat erremedioa bilatu dute, eta herritarrek ederki asko eskertu dute.

Bestalde, Berrobin, Begi-Urdin Gaztegunean opariak jasotzen izan dira arratsalde osoan zehar, eta iluntzean, erregeak paketeez betetako karrozan jaitsi dira menditik, guztiak haurrei banatzeko. Aurretik, gainera, pajeek askaria egin dute, indarrak berreskuratzeko. Orexan, azkenik, ez dute desfile berezirik egin, eta Errege magoak etxez etxe ibili dira arratsalde osoan zehar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!