Finalerdietarako txartelari eusteko hitzordua, Beotibarren

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urt. 4a, 08:42
Argazkia: Aspe pelota

Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena bihar ariko dira, 16:30ean, Joseba Ezkurdia eta Ladis Galartzaren aurka

Binakako txapelketako bigarren itzuliari ekin aurretik, azken jardunaldia izango dute bikoteek, datorren asteburukoa. Finalerdietara pasatzeko postuei eusteko aukera izango dute taulako lehen laurek, eta tartean dira Iñaki Artola alegiarra eta haren bikotea, Jon Mariezkurrena. Joan den asteazkenean izan zuten pilota aukeraketa, eta bihar jokatuko dute norgehiagoka, Tolosako Beotibar pilotalekuan, Joseba Ezkurdiaren eta Ladis Galartzaren aurka.

Artola-Mariezkurrena bikoteak aukeratutako pilotek honako pisua dute: 106.6, 104.7 eta 106.2 gramo. Ezkurdiak eta Galartzak, berriz, 106.4, 105.6 eta 106.5 gramoko pilotak sailkatu zituzten, biharko.

Joan den azaroan txapelketa hasi zenez geroztik, zazpigarren jardunaldia izango da gaur bertan hasiko dena; asteburuko norgehiagokekin amaituko dute, lehen itzulia.

Horrela, nahiz eta binakako txapelketaren bidea luzea izan, taulako lehen lau bikote sailkatuak finalerdietarako txartelari eusten ahaleginduko dira. Olaizola II-Albisu, Irribarria-Zabaleta eta Elezkano-Rezusta bikoteen ondotik, Artola eta Mariezkurrena laugarren sailkatuak dira, momentuz. Biharko aurkariak bosgarren dira zerrendan; partidak, beraz, alda lezake taula, edo tarteak handitu.

Beotibarko partidarako sarrerak eskuragarri dira interneten, eta palkoetako eta kantxako eserlekuak baino ez daude eskuragarri.

Bi partida izango dira jaialdian eta, partida nagusiaren aurretik, Ugalde eta Jaunarena ariko dira, Etxeberria eta Garmendiaren aurka.

Jokin Altuna, Labriten

Egun berean eta beste pilotaleku batean ariko dira, Altuna eta Martija eta Bengoetxea eta Imaz bikoteak.

Seigarren eta zazpigarren sailkatuak dira, hurrenez hurren, eta berdinduta daude, gainera, galdutako eta irabazitako partidei begiratuz gero. Norgehiagoka hori ere garrantzitsua izango da, beraz. Bihar, 17:45ean hasiko da jaialdia, Iruñeko Labriten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!