Hondakinen kalitatea hobetu asmoz, kanpaina

Ataria 2018ko abe. 27a, 09:00

Materia organikoaren gaikako bilketa hobetzeko, edukiontzi marroietan eranskailuak jarri dituzte; Ibarran, ikuskapen lanak egiten ari dira.

Tolosaldeko Mankomunitatearen arabera, eskualdean gaikako bilketa %64koa da. Tasa «adierazgarria» dela nabarmendu du, baina zer hobetua badagoela esan du: «Une honetan, hobeto sailkatzea eta birziklatzea da mankomunitatearen helburua eta, batez ere, edukiontzi marroian jasotako hondakinarena azpimarratu nahi dugu». Horretarako, Ibarra, Irura, Tolosa eta Villabonako edukiontzi marroietan eranskailuak jarri dituzte, eta erabilpena ikuskatzeko kanpaina burutuko dute.

Izan ere, mankomunitateak azaldu duenez, «oraindik herritarren ehuneko txiki batek, poltsak lurrean, edukiontzien aldamenean uzten ditu, ez du ondo bereizten eta arrisku larrian jartzen du gainerakoen ahalegina». Haien helburua ehunekoa handitzea eta kalitatezko birziklatzea lortzea da.

Eranskailuen bidez, beraz, honakoa gogorarazi nahi diete herritarrei: «Hondakin organikoak poltsa konpostagarrietan utzi behar dira, inoiz ez plastikozko poltsetan. Udalak doan banatzen ditu poltsa konpostagarriak. Bestetik, pixoihalak ez dira edukiontzi marroian utzi behar, inoiz. Eta azkenik, iraungitako elikagaiak edukiontzi marroian utzi behar dira, baina lehendabizi ontzia edo bilgarria kendu behar zaizkie. Edukiontzi marroian, beraz, materia organikoa bakarrik utzi behar da».

IKUSKAPENA, IBARRAN

Tolosaldeko Mankomunitateko hezitzaileak Ibarrako edukiontzi marroietan botatako hondakinen ikuskapen lanak egingo ditu. Hala, era desegokian atzemandako hondakinen jatorria identifikatzen saiatuko dira, eta hondakinen sailkapen egokia egiteko informazioa zabaltzea izango du helburu.

Ikuskapen lan horiek auzoka egiten hasi dira. Atarietan bandoa itsatsi da, ekintzaren berri emanez, eta bertan edukiontzi jakin bakoitzean denbora tarte desberdinetan sumatutako oharrak adieraziko dituzte. Era berean, edukiontzien erabiltzaileei, behar den kasuetan, ohartarazpen orriak bidaliko zaizkie informazioa emanez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!