Adinekoen egoitzetako langileek bi urte daramatzate hitzarmenik gabe, Gipuzkoan. Negoziazioetara iristeko saiakeretan badira ere, ELA sindikatuak azaldu du zuzendaritzekin eta patronalekin mahaian eseri direnetan, haiek ez dutela negoziatzeko jarrerarik azaldu.
Horren aurrean, Villabonako Santiago egoitzako langileek uko egin diote Gabonetako sari bereziari, protesta irudikatuz, eta Caritasi bideratu diote guztia. Urtea amaitu bitarte, Gipuzkoako egoitzetako langileek mobilizazio zerrenda betea izango dute, besteak beste, azken 17 urteotako soldata igoerak eskatzeko eta, halaber, 1996az geroztik "berrikusi gabeko" ratioak egokitzea galdegiteko. Tolosaldeko ELAko ordezkariaren iritziz, "Gipuzkoako Foru Aldundiak du konponbidearen giltza", eta haiek lehen pausoa eman dezaten saiatuko dira.
Horretarako, abenduaren 24an aldundiaren egoitza atarian elkarretaratzea egingo dute; abenduaren 26an elkarretaratzea eta manifestazioa egingo dituzte leku beretik abiatuta; hilaren 28an, Villabonan, elkarretaratzea egingo dute Malkar plazan; hurrengo egunean, 11:30an, aldundiaren egoitza atarian elkartuko dira berriro; eta, azkenik, abenduaren 30ean, Ordiziako udaletxe aurrean egingo dute elkarretaratzea.