Behar Zana eta Bergara, nazio mailako kanporaketan

Ataria 2018ko abenduaren 20a

Euskal Herriko Pilota Elkarteen Arteko Nazio Mailako Txapelketaren jardunaldi berria jokatuko da igandean Amezketan, 17:00etan hasita.

Villabonako Behar Zana Pilota Elkarteak Bergararen aurka jokatuko du. 1946ean sortutako kluba da eskualdekoa, pilotari asko emandakoa, hasera batean puntistak gehienak. Asko hazten ari den elkarteak, momentu honetan 140 jokalari ditu, gehienak eskuz jokatzen dutenak bai ezker horman eta baita trinketean ere. Baditu joko-garbi eta erreboteko taldeak eta, baita palaz jokatzen duen neska talde sendo bat ere. Bere oraingo pilotari ezagunenak: Maiz, Jon Urbieta, Lizaso, Esnaola eta abar dira.

Aurkaria Bergarako elkartea izango da, Mikel Gallastegik zuzendua. Egun, 30 bat federatu ditu, ia denak bertako pilota eskolatik ateratakoak. Aitor Oregi, Gorka Irizar eta Julen Aranburuk eramaten dituzte orain eskolako taldeak. Elkarte hau Gipuzkoako Herri Arteko txapelduna izana da eta etorkizun handia du bertako eskolan dabiltzan 130 haurrekin. Nazio mailako txapelketa honetako talderik gazteena da, Ander Etxaniz, Murua, Muguruza eta Gartziak osatua.

Arratsalde eder bat pasatzeko aukera, bi Gipuzkoako elkarteren arteko kanporaketa estu bat ikusiaz, Amezketako Larrunarrin izango da, igandean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!