«Modelak jauzi kualitatibo handia suposatu du euskararen itzulpenean»

Iker Larrañaga 2018ko abe. 19a, 08:47

Modela itzultzaile automatikoa aurkeztu dute hainbat euskal enpresek. Euskararen idatzizko erabilera handitzen eta hizkuntza normalizatzen lagunduko duela uste du Igor Ellakuria, itzulpen teknologian adituak.

Teknologia adimenduna oinarri duen euskara eta gaztelaniaren arteko itzultzaile automatikoa garatu dute hizkuntza teknologian aditu diren zenbait eragilek. Igor Ellakuria Mondragon Linguako itzulpen teknologiako arduraduna proiektuaren parte izan da eta Modela itzultzailearen nondik norakoak argitu ditu.

Noiz abiatu zen proiektua?
Proiektuko partaideek hizkuntza teknologiaren inguruan hainbat urte zeramatzaten ikertzen. Sare neuronaletan oinarritutako itzultzaile bat garatu nahi genuen, momentu horretan ikerketa munduan lantzen zelako. Eusko Jaurlaritzako SPRI taldeko Elkartek programan aurkeztu genuen, ikerketa proiektuak finantzatzen baititu. Zentro desberdinak batu ginen, ISEA, Vicomtech, Ametzagaiña, IXA Taldea eta Elhuyar. Iaz bukatu eta aurten proiektua gizarteratzeaz arduratu dira Mondragon Lingua eta Elhuyar.

Zergatik sortu duzue Modela? Zer eskaintzen du?
Euskarazko itzultzaile on bat lortzeko erronka betidanik egon da. Modelak jauzi kualitatibo handia suposatu du euskararen itzulpenean, aurretik geneuzkan sistemen itzulpenen emaitzak irakurgaitzak zirelako. Irakurtzen zenuenean makina baten lana zela nabaritzen zen, jariakortasuna ez zen ona, sistema neuronalarekin aldiz, bai, burmuinaren funtzionamendua imitatu nahi dutelako.

Kalitate aldetik hobea.
Eskaintzen dizkiozun datuak sailkatzen ditu eta guk interpretatu egiten ditugu. Oso aberatsa da hitzen arteko erlazioak identifikatzen dituelako.

Ez dator itzultzaile profesionalak ordezkatzera, hala ere.
Eduki gehiago itzuliko da. Modelak eskaintzen dituen itzulpenetan beti dago zerbait zuzentzeko. Itzulpen automatikoak gero eta gehiago erabiltzen dira, eta itzultzaileek beren lana moldatu behar dute itzulpen automatikoek sortutako testuak zuzentzeko. Erakundeetan euskara normalizatzeko lagungarria izango dela uste dut. Eskaintzen dituen itzulpenak ulergarriak direnez, administrazioan edota erakundetan, eguneroko lana euskaraz eraman daiteke.

Ikus-entzunezkoei dagokienez zein aurrerapen aurreikusten dituzue?
Arlo horretan hizkuntza teknologia desberdinak erabiltzen dira, hala nola, ahotsaren errekonozimendua, transkripzioa... eta gure asmoa bide horretan eskaintza bat egitea da.

Beste hizkuntzetara itzultzeko asmorik ba al duzue?
Bai, frantsesera eta ingelesera.

Mugikorrerako aplikazio bat sortuko duzuela aipatu zenuten aurkezpenean.
Mugikorrean itzultzailea erabil daiteke webgunera sartuta. Hala ere, etorkizunera begira sortu nahi dugu aplikazio bat.

Hitz kopurua handitzeko asmoa baduzue?
Doako itzultzaileetan nolabait zure datuak eskaintzen dituzu zerbitzuaren truke. Guk konfidentzialtasuna bermatu dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!