Urtarrilaren 12an Bilboko eta Baionako manifestazioetara joateko deia, Tolosatik

Ataria 2018ko abenduaren 17a

«Bakegintza eta elkarbizitza oinarri hartuta, orain presoen auzia askatzeko unea» dela aldarrikatu zuten Gipuzkoako dozenaka herritako ordezkarik, igandean, Tolosan.

Hori lortzeko gakoa, baina, gizartearen aktibazioan dagoela uste dute: «Jendartearen gehiengoaren nahia da. Horretarako, espetxe politika definitzen duten estatuengan eragitea dagokigu, aurrera urratsak ematea guztion ardura baita. Giltza, beraz, gizarte zibilaren aktibazioan dago; hau da, eragile, politikari, alderdi, ordezkari, sindikatu, instituzio eta norbanako ororen aktibazioa eta inplikazioa bultzatzea da gakoa».

Bide horretan, urtarrilaren 12an Bilbo eta Baionara joateko deia luzatu dute: «euskal presoen auzia askatzeko eta espetxe politika honekin behingoz amaitzeko aldarriaren atzean jendarte osoa dagoela erakutsiko diegu, bai Frantziako, bai Espainiako estatuei. Aspaldian izan dugun aukerarik onena daukagu orain eskuartean; elkarbizitzarako, elkarrekin aritzeko eta guztiontzako izango den bakea eraikitzeko. Esperantzarako unea bada, baina baita aktibaziorako unea ere», gehitu dute Orain Presoak dinamikako ordezkariek.

Urrats horiek, iragana ahaztu gabe egingo dituztela gaineratu du dinamikak. «Indarkeria guztien biktimei zor zaie egia, errespetua eta errekonozimendua. Baina iragana ez errepikatzea ere zor diegu gure ondorengoei, eta horretarako elkarlana ezinbestekoa da. Guk bide horretan sakondu nahi dugu. Auzi honek erabateko konponbidea izan dezan, elkarlanean aritu behar dugu guztiok».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!