Urte Zaharreko Krosak 2018

Josune Gorostidi omenduko du Tolosako Elkartasun Krosak

Ataria 2018ko abe. 14a, 14:09

Samaniego eta Orixe ikastetxe publikoek abenduaren 31ko Elkartasun Krosaren 21. edizioa antolatu dute. Kolonbian lan egiten duten Cocuyo Elkartearentzat izango da bildutako dirua.

Gero eta jende gehiagok parte hartzen du Tolosako Elkartasun Krosean. Hori baieztatu dute antolatzaileek, gaurko aurkezpen ekitaldian. Joan den urtean 1.400 lagunetik gora atera ziren korrika: 800 heldu eta 600 haur inguru.

Aurten, 850 dortsal jarriko dituzte salgai, helduentzat, Shanti Kirolak dendan, 8 euroko prezioan. Dortsalik geratuko balitz, egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira, baina 12 euroko salneurria izango dute. Haurrek, berriz, ez dute izenik eman beharko, lasterketaren egunean irteerara bertara agertzearekin nahikoa izango dute.

Lau mailatako lasterketak izango dira. Benjaminak izango dira irteten lehenak, 15:30ean, eta 700 metroko bidea egin beharko dute. Distantzia bikoitza egin beharko dute alebinek, 16:00etan aterata. 16:30ean infantilen txanda izango da, eta hauek ere 1.400 metro egin beharko dituzte. Amaitzkeo, 16:45ean, helduak aterako dira. Bost kilometroko ohiko bidea egin beharko dute, Zerkausitik abiatuta.

21. edizio honetan, Josune Gorostidi Gaztelun bizi den txaramarrak jasoko du Sari Berezia, kirolaren alde egindako lanagatik. Samaniego ikastetxeko ikasle ohiak 1990an eta 1991an Estatuko pistako txirrindularitza txapelketa irabazi zuen, eta 1991n errepidekoa ere bai. Euskal Herriko trontza txapeldun ere izan zen 2009an, eta Ibarrako Sokatira taldearekin ere domina ugari lortu ditu.

Josune Gorostidi, 2009an Euskal Herriko Trontza Txapelketa irabazi ostean

Izen-emateekin bildutako dirua, Cocuyo Elkarteari bideratuko zaio, Kolonbian duen ongintza proiektua laguntzeko. Guabas ibaiaren inguruan bizi den komunitateko Mando liburuzaina proiektuaren jarraipena egiteko erabiliko dute, hain zuzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!