'Zesatezue?' gazteei zuzendutako bideo lehiaketa

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 12a, 15:59

12-18 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute Urtxintxak antolatutako lehiaketan, bideoa komunikazioa@urtxintxa.eus helbidera bidalita, abenduaren 28a baino lehen.

Gazteek egunerokoan euskara erabiltzea eta sare sozialak euskaraz kontsumitu eta sortzea da egitasmoaren helburua. Sare sozialetan jarrera egokiak sustatu nahi ditu Urtxintxak eta gazteek hauen erabilera egokia egitea. Gainera, lehiaketarekin herri eta eskualde ezberdinetako gazteek elkar ezagutzeko aukera izango dute, gazteen arteko harremanak erraztuz.

12 eta 18 urte arteko gazteek, bakarka edo taldeka aurkeztu ahal izango dute gutxienez minutu bateko iraupena duen bideoa. Gaia librea da, baina Urtxintxak aukera batzuk proposatu ditu ikus-entzunezkoa osatzeko: kirola, herriko txokoak, pelikulak, etorkizuna, ikastetxea... Talde bakoitzak erabakiko du nolako bideoa aurkeztu eta antolatzaileek Quik GoPro aplikazioa gomendatu dute, mugikorretik grabatu eta editatzeko aukera ematen baitu. Bideoak eta argazkiak bideo batean nahasteko aukera ere ematen du aplikazioak. Bideoan musika jarriz gero, egile eskubideak kontuan hartzeko eskatu dute Urtxintxatik.

Bestelako gomendioak ere eman dituzte lehiaketa honetan parte hartzeko. Esate baterako, bideoa grabatzen hasi aurretik, Story Telling bat irudikatzeko, zein irudi edo plano aterako diren eta bakoitzaren ideia nagusiak idatziz; Falta diren baliabideak lortzeko ahalegina egitea eta soinu edo zarata gutxi dagoen tokietan grabatzeko gomendatu dute antolatzaileek ,baita atzealde neutroa duen antzeztokia aukeratzea ere.

Lehiaketan parte hartu ahal izateko bideoa Youbutera igo beharko da, horrela izendatuta: ZESATEZUE?: bideoaren izenburua. Facebook, Instagram eta Twitter bidez bideoak partekatu ahal izango da, beti ere, #zesatezue traola erabilita.

Urtxintxako hiru kidek osatuko dute epaimahaia, euskara, heziketa eta bideogintzako alorrak batuz eta honako irizpide hauek baloratuko dituzte: euskararen erabilera, bideoaren mezua eta bideoaren kalitatea. Bi sari mota banatuko dira gero. Alde batetik, Youtuben "atsegin dut" gehien duten bi bideoei 150 euroko sari bana emango zaie. Bestalde, epaimahaiak 300 euroko lehen sari bat eta 250 euroko beste bigarren sari bat banatuko du.

Lehiaketan parte hartu ahal izateko mezu bat bidali beharko da hurrengo helbide elektronikora: komunikazioa@urtxintxa.eus. Bertan partaideen izen abizenak, kontakturako telefonoa eta Youtubeko esteka agertu beharko dira. Informazio guztia emanez atal bat zabaldu du Urtxintxak bere web gunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!