Afizionatuen mailan ere puntako pilotariak daude Tolosaldean

Imanol Garcia Landa 2018ko abe. 12a, 09:30

Bankoa Credit Agricole - DV Torneoaren finaletan eskualdeko lau pilotari izango dira: Eneko Labaka, Ioritz Egiguren, Iker Elizegi eta Miren Larrarte

Bankoa Credit Agricole - DV Torneoaren finalak abenduaren 22an jokatuko dira, Zarautzen. Bertan izango dira eskualdeko lau pilotari: Eneko Labaka albizturtarra, Ioritz Egiguren tolosarra, Iker Elizegi asteasuarra eta Miren Larrarte bidaniarra. Afizionatuen mailan ere eskualdean puntako pilotariak daudela erakusten du zerrenda horrek.

Senior mailan, Labaka eta Egiguren aurrelariek euren aurka jokatuko dute, hurrenez hurren, Endika Uriondo eta Oier Etxebarria atzean dituztela. Etorkizunekoen mailan, Elizegik Ander Murua izango du aurrelari moduan, eta Julen Egigurenen eta Markel Gartziaren aurka jokatuko dute. Aurten lehenengo aldiz antolatu dute emakumeen txapelketa torneoan, lau eta erdian jokatzen ari dena, eta Larrartek Leire Garai izango du aurkari.

Labakarentzat laugarren finala izango da jarraian, eta azken biak irabazi ditu. Hirugarren txapela lortuz gero, pilotari bakarra izango da hiru jarraian lortzen dituena. «Motibazio handiarekin nago», esan du albizturtarrak. «Adinagatik azkeneko parte hartzea izango da torneo honetan eta ea txapela janztea lortzen dugun». Afizionatuen mailan dagoen torneo garrantzitsuenetarikoa dela gaineratu du aurrelariak: «Ia pilotari guztiak torneo honetara begira egoten gara. Hau irabaztera joan nahi dugu, sari onak eta maila altua izaten delako». Finalerdian 22-21 irabazi zuten, Eibarren larunbatean jokatutako partidan.

Aurkari «gogorrak» izango dituztela esan du Labakak finalean. «Egigurenek kolpe bizia eta defentsa ona du, eta bere atzelariak ez du hainbesteko kolpea, baina oso segurua da. Lan handia egin beharko dugu eta zaila izango da 22ra iristea».

GAZTEENETAKOAK

Emakumezkoen txapelketaren finalistak parte hartzaileen artetik gazteenetakoak dira. Larrartek hamasei urte ditu eta Garai gasteiztarrak hamabost. «20 urtetik gorakoek ere parte hartu dute txapelketan, eta agian gu biok finalean izatea aurreko urtean pilota mistoekin jokatu dugulako izango da», esan du bidaniarrak.

Final laurdeneko partida gogorragoa egin zitzaion Larrarteri, puntu batengatik irabazi baitzuen. «Jokoan sartzea kostatu zitzaidan eta estuago ibili nintzen», esan du. «Eibarren jokatutako finalerdia errazagoa izan zen, 22-10 irabazi bainuen. Pilota errazago mugitzen asmatu nuen».

Aurtengo Master Cup txapelketan ez zen finalera pasa puntu batengatik, eta orain aukera du torneo hau irabazteko. «Lehenengo aldia da antolatzen dutena eta irabazi nahi dut, urtea gustura bukatzeko», esan du pilotari bidaniarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!