Galdu Venezian

Erabiltzailearen aurpegia Myriam Gurrutxaga eta Enara Etxeberria 2018ko abe. 11a, 14:41

Venezia (Italia) ezagutzeko gako nagusienak eman dizkigute Mira Bidaiak agentziako Myriam Gurrutxaga eta Enara Etxeberriak.

Opor egun batzuk ditut eta nora joan ez dakidala nabil, zer diozu?

Zalantza handirik gabe, joan Veneziara, gertu daukagu eta ikuskizun ikaragarria da Venezia osoa.

Zergatik diozu hori?

Ez nuke jakingo nondik hasi Venezia esaten dudanean. Topa dezakezun lekurik desberdinena da, errepiderik ez dagoenez, egunerokoak modu desberdinean egiten dira, karro eta barkuekin. Kanalez josirik dago, eta dena oinez edo txalupatxoekin egiten da. Banatzaileak eta zabor biltzaileak karroekin, polizia txalupekin, umeak eskolara oinez edo txalupetan,… imajina dezakezun bezala ikuskizuna alde guztietan. Fruta saltzaileek ere, alde batzuetan, txalupetan dute euren saltokia.

Zer egin genezake Venezian?

Zeharkatu, alde batetik bestera ibili, disfrutatu eta galdu eta berriz ere galdu...Venezia sei auzo desberdinetan banaturik dago (irlak kontuan hartu gabe), eta auzo bakoitzak bere ezaugarriak ditu. San Marko herriko patroiaren izena darama ezagunena da. San Marko plaza bertan dago, San Polo, Rialto zubiaren inguruan. Dorsoduro, unibertsitarioen auzoan Guidecca irla dago eta veneziar asko bizi da. Bizi oso polita eta bertakoa du. Cannaregio, ezaguna da bertan bizi izandako pertsonaia ospetsuengatik, Tintoretto, Tiziano edo Marko Polo besteak beste. Castello auzoa, turistikoena agian eta Santa Croce lasaiagoa. Zentroan Uneskok humanitateko ondare izendatua, 455 zubi daude kanalak zeharkatzeko. Egia da, hasiera batean galduta zauden sentsazioarekin ibiltzen zarela, orientatzeko ez da eta hain erraza. Kaleak (sestiere izenekoak) zenbaturik egon beharrean auzoka zenbaturik daude. Baina kale gehienak plaza edo campo deiturikoetan amaitzen dira, eliza edo jauregiekin topatuz. Kale estu, kanal, zubiekin… topo egingo dugu.

Ikusgarriak dira kale asko, eta alde batetik bestera oinez zeharkatzea gomendatuko nuke, baina beste garraio mota bat behar izanez gero, Vaporettoa hartu beharko genuke, bai Kanal Nagusia zeharkatzeko, baita inguruan dauden hainbat irletara joateko ere; Lido bere zinema mostrarengatik ezaguna da, eta baita Murano, Burano eta Torcello bisitatzera joateko ere. Beste aukera Gondolan kanalak zeharkatzekoa da, gaur egun turistentzat dago ipinia, eta gondolariekin negoziatzea ezinbestekoa da.

Ezaugarri berezi hauez gain, zer esan genezake?

Veneziako kaleetan artea sumatzen da nonahi, hiri unibertsitarioa da eta alderdi batzuetan sumatzen da. Arte ederretako ikasleak Academmia zubiaren inguruan ibiltzen dira, baina eliza eta Jauregi desberdinetan entzun eta ikus ditzakegu antzezlan desberdinak. Vivaldiren emanaldiak esate baterako, eta urte guztian zehar La Fenice antzokian prestigio handiko emanaldiak ere izaten dira. Pintoreak ere alde guztietan topa ditzakegu, San Marko plazaren inguruan, turistentzat lana egiten dutenak, edo hiri guztian zehar dauden galerietan daude. Baita hainbat eskultore eta maskara egile ere, Guerrino Lovato ezagun bezala. Ezin dezakegu ahaztu, bi urtean behin, Venezian egiten da Bienalla eta horrek ere artista asko erakartzen ditu.

Urte osoan zehar bisita daiteke Venezia, ez du xarma galtzen, baina inauterietan joatea aukera berezia da. Urte osoko Veneziako ezaugarriez gain, inauterietako saltsan murgildu gintezke. Egun horietan egiten diren festa eta emanaldi asko, Veneziako Palazzo desberdinetan egiten dira, asko pribatuak dira. Baina ikusgarria da Venezian inauteriak nola bizi dituzten ikustea, gerturatu San Marko plazara eta utzi bertako ikasleek maskara bat margotu diezazuten aurpegian.

Gosea dugunean zer jan genezake?

Italian gaudela ezin dugu ahaztu, Italiako iparraldean, Veneton, hortaz pasta jatea ezinbestekoa da, mota desberdinetan jan daiteke. Pizzak oso onak daude, bai jatetxeetan eta baita kaleetan jateko saltokietan ere. Momentuan egiten dituzte eta ikaragarri goxoak dira. Pastaz gain, bakailao keztatua ere tipikoa da eta goizerdian mokadutxo bat hartu nahi izanez gero probatu bertako tramezinoak! Ezin ahaztu izozkiak, inoiz probatu ditudan goxoenak Campo Santa Margheritan dagoen izozki dendakoak dira! Eta edateko, edozein ordutan edan daitekeen Spritz al aperol izeneko edaria, asko edaten da eta edozein ordutan har daitekeen edaria da.

Aukerak asko erakarri dit, ostatu mota desberdin asko dago, nahiz eta Venezia orokorrean oso merkea ez izan, aukerak badaude eta egun gutxirako bazoazte merezi du bertan ostatua hartzeak.

Bisitatu, ez duzue Venezia bezalako herri bat topatuko. Bertako historia, arte eta kondairarik duenik ez da… Galdu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!