Gabonetarako ateak zabaltzea aurreikusten du Inge Zubeldia alegiarrak. Izen berarekin irekiko du denda Tolosako Berazubi auzoan. Ez da soilik saltzeko gunea izango, Inge Zubeldia diseinatzailea da eta lokal horretan bertan duen tailerrean josiko ditu ondoren salduko dituen arropak.
Bilduma berria noiz bukatuko zain dago ateak behar bezala irekitzeko, jada badu inaugurazio data: abenduak 14. Denbora darama tailerrean lanean, neurrira egindako lanetan buru-belarri. Ireki aurretik, ordea, dendan saltzen jartzeko arropak prestatu nahi ditu: «Jende askok galdetu dit ea zergatik ez dudan lehenago ireki, baina inaugurazio egunean hutsa irekitzeko, nahiago dut beranduago ireki».
Egunero erabiltzeko moduko arroparekin emango dio hasiera etapa berriari. «Egia da, adibidez, niretzako egunero erabiltzeko arropa, beste batentzat gehiegi dela, baina, gauza askorekin gertatzen da hori». Momentuz, arroparekin hasiko da. Badu buruan zapiak egiteko asmoa, eta ez du baztertzen etorkizunean osagarri gehiagorekin lan egiten hastea.
Bere diseinatzeko estiloa nahiko «erromantikotzat» du. Oinarrizko jantziekin jokatzea gustatzen zaio, baina, betiere bere ukitua emanaz. «Linea nahiko sinpleekin egiten dut lan eta detaile eguneratuago batzuk sartzen dizkiot, nire ukitua emango diotenak». Ukitua ematen dioten gauzetatik nabarmenenak lazoak eta loreak dira: «Nire diseinuaren parte dira, nahi gabe egiten ditut». Kolore pasteletara joateko ohitura du, baina, tartean-tartean sartzen ditu kolore biziago eta estanpatuak. «Zuria eta kolore pastelak ditut gogokoen».
Edizio mugatuko bildumekin egiten du lan. Beraz, modelo batean neurri bakoitzeko arropa bakarra dago. Horrek, esklusibotasun gehiago ematen dio. Erabiltzen dituen oihalen gehiengoa Espainian fabrikatutakoak dira, hortaz, langile horiek lan baldintza duinetan aritu direla pentsatu nahi du Zubeldiak. «Kalitate aldetik ere, oihalak zaintzen saiatzen gara».
Dendan bertan josten du arropa guztia amaren laguntzaz, horretarako prestatu duen tailerrean. Neurrira ere egiten du lan, eta jende guztiarengana iristeko aukera ematen dio horrek: «Jende asko dago arropa aurkitzeko arazoak dituena, bai argalegi dagoelako, bai gizena dagoelako, edo baita beste edozein arrazoiengatik. Neurrira egiteak arazo horiek ezabatzen laguntzen du». Neurrira egiteko garaian, bezeroaren eta bere artean artean erabakitzen dute zein motatako arropa egin: «Bezeroaren gustu, morfologia eta kromatismoaren arabera egiten ditut. Aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen diegu lehen momentutik». Horrez gain, ezkongaientzat ere neurrira egiten du lan.
Iaz hasi zen neurrira lan egiten, Kutxa Kultur Modaren egonaldi-programarako hautatu zutenean. Tabakaleran berak egindako lanak erakusteko beka moduko bat jaso zuen, eta hortik hasi zen ezagun egiten Inge Zubeldia marka. Bere marka saltzeko denda propioa irekitzea betidaniko ametsa zen, eta nahiz eta hasiera batean hain gazte irekitzeko asmorik ez izan, lana bazuela ikusita, eta asko eta ondo pentsatuta, merkatuaren uholdera salto egitea erabaki du 25 urterekin.
Aukera askoren artean Tolosa aukeratu du denda irekitzeko, zehazki Berazubi auzoko lokalean hartu du lekua. «Tolosan neurrira egiten dituzten oso gune gutxi zeudela konturatu nintzen, eta merkatua aztertu ostean, aukera ona izan zitekeela ikusi nuen. Begiak itxi, eta horixe aukeratu nuen».
Bartzelonako LCI unibertsitatean egin zituen moda eta diseinuko ikasketak. Tartean, Hanburgon pasa zuen urtebete Erasmus bekarekin. Duela bi urte amaitu zituen ikasketak, eta makina bat pasarelatan ikusi izan dira berak diseinatutako jantziak; besteak beste, 080 Barcelona, Miramar Jauregiko Moda Iraunkorreko desfilea, ANDE (finalista geratu zen Euskadiko lehiaketan), Tabakalerako Kutxa Kultur Moda, Tolosa Zuria Loretan, Bataplan eta Balenciaga Museoan.
Datuak
Helbidea: Martin Jose Iraola, 10 baxua, Berazubi Auzoa, Tolosa.
Telefonoa: 697 52 53 68
Emaila: ingezubeldia@gmail.com
Instagram: ingezubeldia
Facebook: Inge Zubeldia
Pinterest: Inge Zubeldia