Bidaia amestu, marraztu eta egin

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko abe. 6a, 12:59

Tolosako Antxon Bandres bidaiarien txokoak bosgarren bidaia beka antolatuko du aurten, Tolosaldeko DBH 4. mailako ikasleentzat; iazko irabazleek esperientzia aurkeztu zuten Errotan

Furgoneta batean, zortzi pertsona, 5 egun eta 500 euro, hari gidari bat aukeratu, eta Euskal Herrian barrena bidaia bat egiteko. Horixe da Tolosako Antxon Bandres bidaiarien txokoak DBHko 4. mailako ikasleei egiten dien proposamena, bidaia beka bat irabazteko. Azken urteotan lau beka banatu dituzte, eta bidaiarien txokoa bosgarren lehiaketa prestatzen ari da jada.
Duela egun batzuk, iazko irabazleek udan egindako bidaia aurkeztu zuten, Antxon Bandres bidiarien txokoan, Errota eraikinean. Anoetako ikastolako Irati Telleria, Izaro Aranzabe, Aimar Jauregi, Irati Kolas, Maddi Apeztegia eta Iradi Sagredo izan ziren bidaia proposamen onena egin zutenak eta, euskararen historia aitzakia hartuta, 500 kilometro inguruko ibilbidea osatu zuten, joan den ekainaren 25etik 29ra bitarte.
«Klasean eman ziguten proiektuaren berri eta, denboraz nahiko justu genbiltzan arren, aukera polita iruditu zitzaigun lagun batzuk elkartu eta egun batzuk elkarrekin pasatzea», azaldu dute gazteek Ataria Irratian. Izan ere, bidaia bekaren lehiaketa «egitasmo boluntarioa da», Josu Iztueta antolatzaileetako batek argitu duenez. 
Horrela, irizpide jakin batzuen araberako bidaia diseinatu behar izaten dute, DBH 4ko gaztetxoek: Euskal Herrian, furgonetan batean eta 500 euroko aurrekontuarekin egiteko moduko ibilbide bat sortzea, betiere, aitzakia batekin. Hari gidari batekin. 
Iztuetak azpimarratu du, talde bakoitzaren jakinmin eta afizioek markatu ohi dutela proposamenaren hari gidaria, eta zenbait ideia ere iradoki ditu, bosgarren bidaia bekaren lehiaketan beren burua aurkeztu nahi dutenentzat: «Natura izan liteke aitzakia bat, edo euskal dantza bera ere bai». 
Epaimahai txiki batek hartzen du azken erabakia, proposamen osatuenaren alde; tiratzeko moduko hari gehien dituen bidaiaren alde. Eta, hortik aurrera, bidaiarien txokoko kideek laguntzen diete, beren kontaktu eta sareei esker, ibilbidea lekukotasunez eta testigantzaz betetzen: «Hori baita bidaia: goazenok esperientzia hori elkarbanatze eta, gero, topatzen dugun jendeagandik informazioa jasotzea». 
 

«Errepikatzekoa»

Gazte anoetarrek argi diote, joan den ekainean bizi izandako esperientzia errepikatuko luketela: «Furgonetan batean, estu-estu, jan eta lo bertan eginez, harremana asko estutzen da; konfiantza irabazten da». 
Taldea indartuta ateratzearekin batera, ordea, anoetarrek beste hainbat gauzari ere jarri diote azpimarra, udako bidaia gogoangarri izateko bidean: «Josuren bizipenetatik eta bidaietan duen esperientziatik asko ikasi dugu, eta naturarekin harreman zuzenean egon ginen; gauren batean, kanpoan lo egin genuen batzuk». 
Bidaia aisia da, oporrak, denbora librea. Baina, bidaia ikastea ere badela uste du Josu Iztuetak, eta Antxon Bandres bidaiarien txokoko bidaia bekak irakasgairen bat edo beste eskaintzeko ere balio duelakoan dago; besteak beste, baliabide ekonomikoak kudeatzen ikasteko. 
Eta, hain justu, horrek harritu ditu gehien gaztetxoak: «Aurrekontu murritzarekin aurrera atera daiteke bidaia bat, hori gure begiekin ikusi dugu, eta harritu egin gaitu. Ez genuen espero 6 gazte eta 2 begiraleren janaria, lotarako edo dutxatzeko lekuak nahiz furgonetaren erregaia 5 egunez ordaintzeko, 500 nahikoa izango zirenik». 
Euskal Herriaren ezaugarri geografikoek horretarako egokiera eskaintzen dute, eta «oso urrutira joan gabe, denbora gutxian, kultura, paisaia eta jende oso desberdina ezagutu ahal izan dugu bidaian». Horrela, Zugarramurdi inguruetan hasi, eta Arrangoitze, Baigorri, Ibañeta, Iruñea, Gasteiz, Gernika ingurua eta Donostia aldea bisitatu zituzten Antxon Bandres bidaiarien txokoko laugarren bidaia bekaren irabazleek. 
Guztia, bidaiari senaren transmisio soka horretan. Hala azaldu du Josu Iztuetak: «Guretzat bidaia aukera bat da, ez da ihes egiteko modu bat. Ni mendi elkartean zaletu nintzen, ni baino helduagoek bidaian eraman nindutelako eta, garbi dago beste hainbat gauzarekin gertatzen den bezala, bidaiatzea ere transmisio modu bat dela. Gu zaletu gintuzten, guk beste batzuk zaletuko ditugu, eta posible da haiek ere beren ondorengoei bidaiatzeko grina hori helaraztea. Hau kate bat da». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!