Parez pare heldu ezean, ez genukeen berehalakoan pakerik izango geure buruekin, seguru. Hortik erabakiak: akaso ez zuzenenak, baina bai momentuan egokienak ziruditenak. Legea urratzen zuten nonbait, eta kartzela zekarten. Baina zer zen kartzela? Gauza onik ez, bistan denez.
Batzuk, ihes egin eta itxura batera hura ekiditea lortu genuen; inozoak gu! Kartzelaren itzala segika genuen metro eta autobusetako kameretan, lan kontratuetan, alokerazko etxeetan, ezagutzen genuen pertsona berri bakoitzean...etxetik urrun, txarrantxez hesitu genuen bizitza.
Besteok, bederatzi metro karratuko ziegetan erori ginen. Ño! Ez ziren ederrak, baina gustora hartu genituen lehen egunetan torturatzaileen atzaparrak atzean utzita!
Ziega, horixe da gehienbat kartzela, lehen graduan aurkitzen diren kideen % 95ak 20 ordu pasatzen dituen itxitura. Udaran kanillako ura burutik behera eta neguan leihoetako txirrikituetan periodiko paperak.
Bizi ala iraun esaten da. Presoak iraungo badu, bizi egin behar du, bizitza antolatu behar du txingurri baten modura. Lau bost urrats atzera eta aurrera paseoan; luzaketak; liburuak eta Euskal Herriko prentsa irakurri; gutunak idatzi; erropa eskuz garbitu; material eskasarekin maitasunez gainezkako eskulanak ondu; 14 pulgadatako telebistara adi, baina tentuz, alperkerian erori gabe... behin eta berriz berdina, marmotaren eguna.
Baina gertatzen da maiz miaketak izaten direla, zigorrak, probokazioak, tentsioa, lekualdaketak, isolamendurako txangoak.. eta txingurri horrek hartzaren indarra atera behar duela gose greba, txapeo, salaketak, idatziak eta plantoak irmo burutzeko. Zaila da, sakrifizioa eskatzen du, baina indarrak ateratzen dira. Nondik? Ba kartzelara eraman gintuen toki berdinetik: herriarenganako maitasunetik eta etxekoengandik; beraiena bai karga eta kondena guk bolondres hartutako bideengatik!
Kolektiboa ahaztu gabe. Ziega txiki horietan bakarrak izanagatik, aldamenean beste kide bat dugu, pareko moduluan hiru, bi isolamenduan, dozenaka espetxetan beste hainbat, 300 eskas guztira. Eta denok zor gatzaizkion kolektibo horretan antolatuta. Bat ukitzen badute taldea ukitzen dute. Taldean dago indarra, errespetua.
Eta hala ere bultzada handiagoa behar da, haize freskoa, iniziatiba berriak, mobilizazio ziklo jarrai eta eraginkorrak burutzeko, testuinguruaz jabetu eta herri bezala erantzuteko, behingoz errepresaliatu guztiak etxera ekarriko baditugu.
Halaxe hasi ginen herrian, Maite etxeratzeko prest geunden eragile asko geundelako. Halaxe azken ostiraletako dinamika hauekin ere, gainbeheran zetorren inertziekin puskatzeko.
Gustora jarri dugu gure hondar alea ekimen honetan; gure artean harremandu eta kontu zaharrak astindu ditugu. Baina hutsunea nabaritu genuen segituan. Maiz aldamenean izan dugun Bautista falta zitzaigun, falta zaigu, gure artean. Ibilbide luzea egin du herri honen alde. 50 urte dira Meliton Manzanasek atxilotu eta torturatu zuela eta azken ahatsera arte borrokan gertu izan dugu.
Goxo joan zen eta goxo gogoratzen dugu guk ere. Bijoakio besarkadarik sentituena berari eta sendiari gure partetik. Aurrerantzeko lanetan ere gogoan izango dugu, herri honen alde dena eman duten kideak bezala. Maite dugu eta Maite ditugu!
Eñaut Garmendia, Jokin Aranalde, Aritz Sudupe, Joxe Manuel Artola, Joakin Urdanpilleta, Garikoitz Ibarluzea, Iñigo Zapirain eta Ion Mintegiaga