Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundea Eibarreraino bertaratu da azken aldarriak plazaratzera. Joan den urriaren 22an ospitale berria inauguratu zuten bertan, eta 75.000 herritarri zerbitzu emango die eraikin berriak, Debagoiena eta Lea-Artibai eskualdeak hartuz. Hain justu hori gaitzetsi du TOPAk: Mendaron ospitale bat izanda bigarren bat eraikitzea, eta «beharren gainetik» ospitale bat eraikitzea.
Izan ere, 2019 hasieran zortzi urte beteko ditu TOPAren ibilbideak eta, hainbat eskari gehitu izan dituzten arren, Tolosalderako kudeaketa publikoa duen ospitale publikoa lortzea izan da, urteotan guztiotan, koordinakundearen nahia.
Bide horretan, Javi Arana TOPAko ordezkariak nabarmendu du beren aldarriak ez direla «kontu ideologiko bat», eta datutan oinarritzen dutela beren diskurtsoa: «Beti esan izan dugu, enpresa pribatuak eskuratzen dituen etekinak direla, guk kalitatean galtzen ditugunak. Horregatik, ospitale publiko bat eskatzen dugu. Zergatik? Ekitateagatik. Guk ez dugu pribilegiorik nahi, gainerako eskualdeek dutena eskatzen dugu, ez besterik».
Koordinakundeko kideek «haserre» azaldu dute beren burua, eta Jon Darpon Osasun Sailburuaren esanak baliatu dituzte egonezina arrazoitzeko: «Bere lehen agintaldiaren hasieran zehaztu zuen, Eibarren aurretik hitzartutako ospitale berria egitea ez zela lehentasun bat izango. Tira, ez zen lehentasun bat, baina egin dute».
TOPAk azaldu duenez, Asuncionen aferaren bueltako informazioa bildu nahian dabiltza, soka horren guztiaren arrazoiak plazaratzeko; bitartean, herritarren «onarpena eta pasibotasuna» aldatzea espero dute.
JAVI ARANA. TOPAko kidea
«Arrazoi politikoengatik egin dute Eibarko ospitalea»
Eibarren ospitale berria inauguratu dute, eta bertan izan zarete.
Bai. Eta zergatik eraiki dute? Pertsonak erdigunean daudelako, ez. Arrazoi politikoengatik egin dute, eta EAJk PSE-EEren baldintza bat onartu duelako, botoen truke. Eta horrek izugarri haserretu gaitu.
Ospitalearena aurretik zetorren proiektua dela diozu, beraz?
Antza, Patxi Lopez lehendakari atera zenean, ospitale hori egingo zutela agindu zien eskualde horretako herritarrei. Dena den, ez dute jendearentzako azpiegitura bat sortu, eta beste arrazoi batek mugitu ditu. Hori diot, besteak beste, ospitalearen tamaina ikaragarriagatik: ez da beharraren araberakoa. Bost solairuko eta 20.000 metro karratu baino gehiagoko eraikin bat altxatu baitute.
Gehiegizkoa dela uste duzue?
2015ean, Mendaroko ospitaleko zuzendariak zenbait adierazpen egin zituen, zehaztuz, eskualde horrek zenbat ohe beharko lituzkeen epe-ertaineko egonaldietarako: 10-15 ohe. Bada, orain, 72 ohe jarri dituzte. Eta kontua ez da hor bukatzen. Eraikina hain handia denez, ez zekiten nola bete eta, azpiegitura hutsik gera ez zedin, ospitalera eraman dituzte Eibarko Torrekuako osasun zentroa, buruko gaixotasunen Eibarko zentroa eta Etengabeko Arretako Gunea. Era berean, Mendaroko espezialistak, X izpien gunea eta errehabilitazioa ere Eibarko ospitalera mugitu dituzte. Guztia, arrazoi ekonomiko eta inmobiliario batengatik. 31 milioi euro mugitu dituzte, eta lehendabiziko kolpea zorua erostea izan zen: enpresa pribatu batek 3,5 milioi euro baino gutxiagogatik erosi zuen eta, ondoren, erakunde publikoei saldu zien, 5,5 milioi euroan; bost urtean, beraz, 2 milioiko irabaziak eskuratu zituzten. Erabat eskandalagarria izan da.
Zortzi urte beteko dira zuen protestak hasi zenituztenetik. Zer behar duzue zuen eskaerak aintzat har ditzaten?
Hartzaile on bat. Eta, gaur-gaurkoz, horrelakorik ez dugu ikusi. Hemen, hasiera-hasieratik, oso gauza arraroak gertatu izan dira, eta guk beti esan izan dugu Tolosaldekoa esperientzia pilotu bat izan dela, pribatiazioaren alde. Gu gara ardi beltzak, eta bada zerbait.
Ezkutuko arrazoiak daudela iradoki nahi duzu?
Bai, gure ustez ezkutuko arrazoiak daude, arrazoi garrantzitsuak. Horretan ari gara, eta zerbait aurkitzen dugunean plazaratuko dugu.
Eibarko ospitalearen albistea kolpe bat gehiago izan da?
Gu haserre gaude, geundena baino haserreago. Desoreka beti izan da, eta orain handiagoa da. Berriki jakin dugu, Asuncion klinikako hainbat espezialista Eibarko ospitalera joaten ari direla lanera, eta normala da, hemengo egoera oso-oso zaila baita. Ikusi besterik ez da egin behar, duela hilabete batzuk traumatologoekin gertatu zena: berez 6 traumatologo dagozkio Tolosaldeari, eta 1,5ekin geratu ziren, inor aurkitzen ez zutelako. Hona iristen diren langileek eskaintza hobe bat aurkitzen dutenean, alde egiten dute. Eta, argi dago: auzi honetan guztian, langileak eta erabiltzaileok gara kaltetuak. Beraz, ikusi egin behar, ea behingoz lotsak irabazten dien. Hitz egiten dutenean ahoa betetzen zaie, baina hori guztia Tolosaldeko biztanleez barre egitea da.